Oñatiko lanbide tradizionalei buruzko liburua argitaratu du Artixa kultur elkarteak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 1a, 14:21

Jose Antonio Azpiazuk ondu du liburua, elkarteko kideekin batera, garai bateko herritarren jardunak azaleratzeko eta belaunaldi gazteagoei horren berri emateko. Oñatiko liburu-dendetan eskura daiteke argitalpena. 

Egungo belaunaldi gazteek ez ditzaten haien aurrekoen lanbideak ahaztu, Lanbide tradizionalak Oñatiren eta bere inguruaren historian liburua argitaratu du Jose Antonio Azpiazuk, Oñatiko Artixa kultur elkartearen eskutik, gaztelera; haren hitzetan, sarritan pentsatu izan da soilik baserritarrak zirela, lurretik ekoizten zutenetik bizi zirela, baina ez zen lanbide bakarra. "Hainbeste ofizio daude... Esate baterako, garai hartan zartagin izugarri egiten ziren, eta bazeukaten, gainera, kofradia bat ere, San Migel kofradia, eurei laguntzeko. Baziren hauspoak egiteko lanak ere, oletarako edo burdinoletarako hain beharrezkoak zireak, haizea botatzeko eta sua berpizteko".

50 urte daramatza artxiboak ikertzen Azpiazuk, eta informazio interesgarria pixkanaka-pixkanaka gordetzen, aukera sortzen denean argitara ateratzeko. Hala ere, ez da bakarrik aritu lanean, alboan izan baititu Artixa kultur elkarteko kideak eta beste hainbeste herritar: "Laguntza aurkitu dugu, adiskideen eskutik-eta; horrek asko lagundu digu pixka bat lana taxutzeko eta garbitzeko". 

Irudiak eta testuak bat eginda 

Liburuak, batetik, argazkiak ditu, irudi batek, kasu batzuetan, azalpen testu batek baino gehiago balio dezakeela iritzita; eta bestetik, oharrak ditu, irudi horiek nondik, zein artxibotatik atera diren azaltzeko, besteak beste. Hala, kultur ondarearen transmisioan eragitea da helburua: "Ez dezagun ahaztu gure aitonek-eta zer nolako lana egin duten. Haiek egindakoa argitan jartzeko balio du honek, gaur eguneko lanbideak-eta haiek lagunduta sortu zirela jakiteko, edo haiek pixka bat piztuta. Modernitatea ez dugu guk asmatu, poliki-poliki etorri da gure arbasoen eskutik". 

Hala ere, gai honek eta beste hainbestek gehiagorako eman dezaketela dio Azpiazuk, atzera begiratuz gero, beti dagoelako zer ikertua; horrenbestez, herritarrak animatu ditu euren jakin-mina asetzera eta Artixanen parte izatera. Bitartean, antzinako lanbideen berri izateko, Oñatiko liburu-dendetan eskura daiteke liburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak