50 bazkide gehiagorekin hasiko du Goienagusik ikasturte berria

Txomin Madina Milikua 2025ko urr. 1a, 13:46

Oñatin egindako ekitaldian aurkeztu ditu 55 urtetik gorako pertsonen topagune izan gura duen erakundeak 2025-2026 ikasturteko erronkak eta helburuak. Lehen hilabeteetarako prestatutako programazioaren berri ere eman dute bertan.

Oñatiko Santa Ana Antzokian egin du gaur goizean Goienagusik 2025-2026 ikasturtearen, hamalaugarrena izango den ikasturtearen aurkezpen ekitaldia. Oñatin bertan, Arrasaten eta Bergaran izaten dira erakundeak antolatutako ekintza gehienak eta hiru herrietako udal ordezkariak ere izan dira aurkezpenean.

Erakundeak 309 bazkiderekin hasiko du ikasturte berria, aurrekoan baino 50 gehiagorekin. "Gero eta jende gehiagok ezagutzen gaitu eta esango nuke sartzen direnak gustura egoten direla", azaldu du Mikel Tatiegi Goienagusiren lehendakariak gorakadaren inguruan galdetuta.

Ikasturte berrirako helburu nagusia orain arteko mailari euste dela esan ostean, bestelako helburu zehatzago batzuk ere azpimarratu ditu Tatiegik: "Euskara bultzatzea, gai sozialetan ere koxka bat gora egitea eta taldea dinamiko mantendu eta parte-hartzea sustatzea".

Lehen hitzaldia, urriaren 6an 

Programazioari dagokionez, orain arte moduan astean bi hitzaldi egingo dituzte, eta aurten ere, iaz bezala, Aretxabaletak hartuko du horietako bat. "Gure asmoa da Debagoieneko gainerako herrietara ere zabaltzea hitzaldiak", azaldu du lehendakariak. Lehen hitzaldia hurrengo astelehenean, urriaren 6an izango da; 10:00etan hasita, polimedikazioaz hitz egingo du Kulturaten  Nerea Jauregizar Farmazian doktoreak.

Bi mendi irteera eta bisita gidatuak egingo dituzte Gabonak bitartean, eta bi ikastaro ere antolatu dituzte datozen hilabeteetarako: filosofiari buruzkoa izango da ikastaroetako bat eta hitanoaz bestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak