Oñatiko kale garbitzaileen esanetan oso txarra da euren egoeran egun duten egutegiarekin eta lan kargarekin. Diote hiru urte daramatzatela egutegia egokitzeko eskatzen, baina ez dutela oraindik lortu eta udatik hona egoera okertu egin dela ikusita gatazka lehertu egin dela eta greba egiteko erabakia hartu dutela.
Hamar langilek osatzen dute kale garbitzaileen taldea, eta beste bi langile hartzeko, kopurua 12ra igotzea, da egiten duten eskaeretako bat. Egutegia egokitzea ere beharrezkoa ikusten dute. Euren eskaera da beste udal langile batzuen parekoa izatea euren egutegia.
Eskaera hauek Udalarekin duten negoziazio mahaira eraman dituzte. LABeko Txus Goikoetxearen esanetan, duela urtebete inguru izan zuten lehen harremana langileekin eta hasi ziren Udalari transmititzen bazegoela zerbitzua ahulduta eta arazoari heldu behar zitzaiola. Udaberritik hona, eta batez ere uztailetik, berriro elkartu ziren sindikatuko ordezkariak langileekin esateko ez dutela lortzen aintzat hartzea. Gaia aztertuko zutela eta denbora behar zutela zela Udalaren erantzuna eta uda heldu zenean mobilizazioren bat egiteko beharra ikusten zuten gauzak konpondu ezean. Goikoetxeak aitortu du greba mahai gainean egon den unetik Udalaren jarrera aldatu egin dela. Langileak aintzat hartu dituztela, zenbait puntutan adostasunera ere iritsi direla baina funtsezko gakoak ez direla askatu.
Goikoetxeak gaineratu du negoziaketetan erdibideko adostasunera heldu direla esatean 2026an egutegi berria abiarazi eta jarraipena egiteko konpromisoa hartu duela Udalak, non azalduko den ea benetakoa den plantilla bi lagunetan indartzea edo ez.
Egutegia lantzen ari dela dio Udalak
Gatazka honen harira, Udalak adierazi du buru-belarri ari dela kale garbitzaileen auziari irtenbidea emateko lanean. Zehaztu dute, baina, zoritxarrez, gura baino denbora, baldintza eta testuinguru konplikatuagoa dutela lanketa egiteko. Egutegia negoziazio mahaiak adosten dela argitu du Udalak eta hori ez zela irailaren hasierara arte egin, horren berri maiatzean eman zieten arren. Gaineratu du lehen bilera irailaren 4an egin zela eta astebetera erregistratu zutela langileek udalean greba egiteko asmoa, ez dutela denbora nahikorik izan ez egutegia lantzeko eta kontraste teknikoak egiteko. Bestalde, balizko greba mugagabe batek, zerbitzu minimoak antolatu beharra ere badakarrela gehitu du Udalak eta horrek lan handia eta denbora asko exijitzen duela, gehiago, herriko jai nagusien testuinguruan.
Udalak argi utzi gura izan du baina, 2026ko urtarrilaren 1ean martxan jarri ahal izateko berme guztiak izango dituen egutegi bat ari dela lantzen, arduraz, egin beharreko kontraste tekniko guztiak egiten, eta aztertu beharreko aukera guztiak aztertzen, eta kale garbitzaileen eskaerak aintzat hartuak dituela. Hori da Udalaren konpromisoa.
Afera honi lotuta, EAJko udal taldeak kale-garbiketako langileak babestu ditu, eta Udal Gobernuari eskatu dio irtenbide bideragarri eta adostu bat bilatzeko ahalegina egin dezala grebaren aurrean, gaineratuz langileen eskaerak zerbitzua hobetzeko neurriak direla. Udal Gobernuak gaitzetsi egin du EAJk erakutsitako jarrera arduragabea, esanez, beste behin, auziari irtenbidea ematen ahalegindu beharrean, etekin politikoa lortzen saiatu dela. EAJ ere negozioazio mahaian dagoela gaineratu du Udal Gobernuak eta ez duela ekarpen bakar bat ere egin.