Beroak eta haizeak eraginda bereziki gogorra izan da aurtengoa; 106 ziklista izan dira irteeran, eta 46 helmugan. Probako antolatzaile Aitor Atorrasagastik azpimarratu du bereziki gogor joan dela lasterketa: "Lasterketa gogorra egin da. Hasieratik ihesalditxoa, tropela ere azkar, eta tarteka kontrako haize bolada gogorrekin. Udanatik gora eztanda egin du lasterketak eta nor bere indarren arabera joan da helmugaratzen".
Aurten bigarren urteko kadete asko egon direla ere aipatu du Atorrasagastik, eta askok maila ona eman dutela adierazi du: "Badugu harrobia Euskal Herrian". Antolakuntza ikuspegitik ez da arazo larririk: "Erorketaren bat edo beste egon da baina ezer larririk ez". Baños beti gogoan izango dute: "Bosgarren memoriala da, erabat merezita. Aloña Mendiren alde sekulako lana egin zuen; profesionaletan zegoela ez zen sekula gutaz ahaztu, beti zegoen laguntzeko gertu".