600.000 euro oñatiarren proposamenetarako

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 2a, 18:32

Partaidetzazko aurrekontuak jarri ditu martxan hirugarrenez Oñatiko Udalak. Orain arteko kopurua igo eta 600.000 euro gorde ditu herritarrek egindako proposamenak gauzatzeko. Astelehenean hasita, iraila bukatu bitartean egin daitezke.

Kultura, mugikortasuna, ingurumena, berdintasuna, hirigintza, gazteria, kirola... edozein gairi buruzko proposamenak egin ditzakete herritarrek Udalak aurrekontuetan sartu eta gauzatzeko. 600.000 euro –500.000 izan dira aurreko prozesuetan– inbertituko ditu Udalak proposamen  horiek burutzeko; orain proposatu eta 2026an eta 2027an egingo dira.

Lau fase izango ditu partaidetzazko aurrekontu prozesu honek: proposamenak egitea da lehenengoa. Edonork egin ditzake, ez dago adin mugarik, ez da herrian erroldatuta egon beharrik eta norbanakoak edo taldean egindakoak izan daitezke. Hori bai, baldintza hauek bete behar ditu proposamenak: 

  • Udalaren eskumenekoa izan behar du.
  • Bi urtetan exekutatzeko modukoa izatea eta egiturazko gastu nabarmenik ez ekartzea.
  • Interes orokorrekoa izatea eta onura publikoa ekarartzea.
  • Bideragarritasun teknikoa eta juridikoa gainditzea.
  • Gastua 225.000 eurokoa baino handiagoa ez izatea –200.000 euro zen muga lehen–.
  • Aurretik planifikatuta ez egotea edo dagoeneko exekuzioan ez egotea.
  • Partaidetza prozesu baten emaitza ez ezabatzea –Adibidez, aurreko partaidetzazko prozesu batean ziburuak jarrri baziren, orain ezin da horko elementuak kentzea proposatu–.
  • Baztertu egingo dira orokorregiak diren proposamenak eta propositiboak ez direnak –Adibidez, ezin da kale bat zakarra dela esan, zertan edo nola hobetu edo edertu daitekeen esan baizik–.
  • Ezingo da proposatu proiektua abiatzea baldintzatuko duen enpresa, pertsona edo baliabide zehatzik –berria da hau. Adibidez, dantza ikastaroak egitea proposatzen bada, ezin da nork erakutsiko dituen proposatu–.

Prozesuari buruzko eskuorria banatuko dute datorren astean etxez etxe eta hor datorren orria bete eta herriko leku ezberdinetan –kiroldegia, kultur etxea, gaztelekua, Eltzia...– jarriko dituzten postontzietara bota behar dira udalera iristeko –webgunean sartuta, eskuorriko QRa erabilita eta partaidetzako sailarekin harremanetan jarrita ere egin daitezke–.

Horrelako postontziak, kutxak, jarriko dituzte proposamenak jasotzeko.

Proposamenak jasotakoan, lehenetsi egingo dituzte; baldintzak bete dituzten ikusi, bat baino gehiago berdinak badira elkarrekin jarri... Lehenetsi ostean aztertu egingo dituzte –juridikoki eta ekonomikoki tartean– maila teknikoan eta hori eginda gero osatzen den zerrenda aurkeztuko dute gero herritarrek bozkatzeko eta erabakitzeko –16 urtetik gora izan eta Oñatin erroldatuta egon beharko da bozka emateko–.

Irailetik urtarrilera

Datorren astean hasiko da prozesua eta urtarrilaren amaieran bukatu –urtarrilean izango da bozketa fasea–. Bitartean, udal ordezkariz, adituz eta teknikariz osatuta dagoen jarraipen mahaiak egingo dio segida prozesuari. Udal Gobernuko hiru kidek, oposizioko bik, EMUNeko hiruk eta partaidetzazko udal teknikariak osatuko dute mahai hori. Horretan ere herritarrak egoteko ahalegina egin du Udalak aurten, berme mahairako deialdia eginez. Ez da, baina, herritar nahikoa aurkeztu eta beraz ez da taldetxo hori sortu. Hala ere, prozesuak dituen lau fasetatik hirutan hartuko dute parte herritarrek: proposamenak egiterakoan, lehenesterakoan eta bozkatzerakoan.

Hirugarrenez abiatu ditu partaidetzako aurrekontuak –2018an eta 2022an aurrekoak– Oñatiko Udalak. "Egonkortu" egin den prozesua dela adierazi du gaurko prentsa aurrekoan Partaidetza eta Garapen Komunitarioko batzordeburu Anik Zubizarretak, eta "harrera ona" izaten duela etaa herritarren interesekoa" bihurtu dela gaineratu. Prozesuan parte hartzera eta euren proposamenak egitera animatu ditu herritarrak.

Goizean egindako prentsa agerraldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak