Maiatzaren 1a plazako iturria berritzeko lanak amaituta daude dagoeneko. Abuztuaren hasieran hasi ziren obrak, eta ostiralean amaitu zituzten, aurreikusitako moduan. Petra enpresak gauzatu ditu lanak: harria garbitzea, gehiegizko morteroak kentzea eta iturriaren eskultura –Aguadora izenekoa– txukuntzea izan dira lan nagusiak.
Iturria XIX. mendearen amaieran jarritako zortzi iturri historiko publikoetako bat da. Azken urteetan hainbat berritze izan ditu, eta Udalak gogorarazi du etorkizunean ere mantentze-lan planifikatuarekin jarraituko dutela, Iñigo Ruiz Barron hirigintza batzordeburuaren hitzetan: "Berritasun denek, orokorrean, ondarea babestea dute helburu: 2020an, oker ez banago, iturri honetako txorrota berritu zen, ez zuelako funtzionatzen, eta 2014an iturri honetakoa eta beste hainbestetakoa margotu ziren, herdoilduta zeudelako. Oraingoa, berriz, batik bat harri lana izan da, harriari bere jatorrizko itxura berreskuratzea: morterozko hondakin pila bat zituen, gastatuta, higatuta, zahartuta... horren mantentze lanak egin dira".
Lan horiekin batera gogora ekarri dute iturriak baduela balio historiko eta sinboliko garrantzitsua: XIX. mendearen amaieran herritarrentzat ura ekartzeko lehen obra publikoetako bat izan zen. "Udalak eskultore bati enkargatu zion Oñatin zortzi iturri egitea, 1800 eta pikoan, eta horien artean zegoen hau. Garrantzi handikoa zen garai haietan ur saneamenduarekin lotuta zegoen lehen obra publiko bat izan zelako, eta, herritarrei ura ekartzeaz gain, espazio publikoaren garrantzia adierazten zuen lehen keinutako bat zelako".
Lanen nolakotasuna
Obrak Petra enpresak egin ditu azken asteotan, zehazki zaharberritze teknikoaren bidez, eta tartean izan da Xabi Mendizabal, Oñatiko zaharberritzailea: "Kasu honetan, iturri honek zuen batez ere zementu asko juntetan, eta egin duguna izan da hori kendu eta mortero berri bat jarri. Harriaren kasuan, berriz, zikin zegoen, eta hori dena kendu dugu; aldaketa pixka bat ikusten da, harria garbiago dago. Horrez gain, bolumen batzuk berriz jarri ditugu, galduta baitzeuden, eta goiko metalezko eskulturari oxido denak tratatu dizkiogu, pixka bat egokitzeko, eta baita pintatu ere, denak kolore berdina izan dezan".
Zaharberritzailearen arabera, oñatiarrek aldaketa bereziki iturriaren itxuran nabarituko dute, garbiago eta txukunago ikusten baita: "Mortero berriekin-eta pixka bat dena ordenatuago ikusiko dute, eta eskultura ere nahiko berde zegoenez, gehiago ikusiko dutela uste dut".
Oñatiko Udalak berretsi duenez, hau izan da lehen esku-hartzea baina helburua da hurrengo urteetan gainontzeko iturri historikoak ere berriztatzea.