Lizargarate Trikiti Elkarteak, Lizargarate elkartearekin batera, abuztuko azken zapatuan antolatu ohi du azken urteotan Lizargarate Eguna, aurrez domekan egiten bazen ere, eta hala izan da aurten ere. Bola txapelketa, herri kirolak, bazkaria eta erromeria izan ziren eguneko protagonista, eta horrelako espazioak sortzearen beharraz jardun zuten Irati Barrena eta Amaia Igartua antolatzaileek: "Horrelako auzo txikietan geroz eta gutxiago egiten dira estilo honetako ekitaldiak, eta herriko jendea eta trikitia gustatzen zaiona animatu nahi dugu. Betiko jendea etorri arren, jende berria ere geroz eta gehiago animatzen da, eta saiatzen gara hori bultzatzen; baita herriko jende gaztea animatzen ere".
Batik bat oñatiarrak izaten dira egun honetan, baina baita antzuolarrak ere, bi herrien arteko mugan baitago elkartea; trikitiaz gozatzeko elkargune dute, horrenbestez. "Baserria zen hau sozietate bihurtu zen, pixka bat trikiti giroa mantentze aldera. Azkenean, denok egutegian jarritako dugun egun bat da, trikitiaz gozatzeko eta trikitia zabaltzeko; helburu hori dugu".
35 bazkide ditu egun Lizargarate elkarteak, eta domekero, urtean bitan izan ezik, zabaltzen dute hara gerturatzen direnei salda emateko asmoz. Txandaka antolatzen dira horretarako, eta egunerokotasunean bazkariak eta afariak egiten elkartetzat funtzionatzen du. Lizargarate Egunean ere han izaten dira elkartekideak laguntzen, Jon Anduaga batzordekidearen hitzetan: "Lan ugari izaten dugu egun honetan, lokala jartzen dugu, baina jende pila bat animatzen da, baita gazteak ere; are gehiago, gure atzetik datozen gazteak ere jarraitzeko asmoarekin daude".
Andarto Kirol Kluba
Trikitia da Lizargarateko ikurretako bat, baina protagonista izan ohi dira egunean zehar herri kirolak ere. Aurten, iaz bezala, Oñatiko Andarto kirol klubeko kideak aritu dira erakustaldiak egiten. "Bi taldetan antolatu gara, gorria eta urdina, eta gu hasi aurretik erakustaldia egin du harri-jasotzaile batek, Oñatiko Pastelerok, Enaitzek. Ondoren, bi taldeen artean egin ditugu honako kirol hauek: ingudea, trontza, txingak eta aizkora", adierazi du Karmele Egaña kirolariak, eta Enaitz Ibabek gehitu: "Aurreko urtean ere egin genuen, eta jende gutxiago egon zen, eguraldiak ere ez baitzuen lagundu. Hala ere, gaur jende asko etorri da ikustera, eta hori pozgarria da guretzako; behintzat, zerbait eginez gero, jendea etortzea. Gu ere oso pozik gelditu gara eginiko lanarekin".