Oñatiko hilerriko zenbait kapera eta panteoi egokitu beharko dira gorpuen lurperatzeak egiten jarraitzeko, eta norberarena izango da horiek egokitzeko ardura. Udalaren hitzetan, ohar baten bidez adierazi duenez, lan-prebentzio batzordeak hartutako erabakia izan da, gorpu lurperatzeak egiten dituzten langileen segurtasuna bermatzeko. Kapera eta panteoi horietan ezingo da gorpurik lurperatu, egokitzapenak egin arte. Horren jakinarazpena ari dira jasotzen egunotan zenbait herritar.
Era berean, Udalak ohartarazi du lan horiek egin aurretik iraungita dauden emakidak berritu beharko direla, hilerriko alde zaharrari dagozkionak; horretarako azken eguna abenduaren 31, domeka, da. Lehenengo luzapeneko hilobietako emakidak oraindik iraungi gabe daude.
Kapera eta panteoietan egin beharreko lanak beharrezkoak dira gorpuak lurperatzen dituzten langileen segurtasuna bermatzeko, lan ikuskaritzak zehaztuak dituen baldintzak bete daitezen.
Udal jabetzako nitxoa
Egokitzapen lanak egin bitartean, Udalaren esanetan, aukera eskainiko dute gorpua udal jabetzako nitxo batean sartzeko, baina gorpuak gutxienez bost urte egon beharko luke han, Euskal Autonomia Erkidegoko Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko erregelamenduak arautzen duen eran. Zerga ordenantzan zehaztutako tasa ere ordaindu beharko lukete horretarako interesa duten herritarrek.