Arantzazun egin ohi du Donostiako Musika Hamabostaldiak udarako antolatzen dituen kontzertuetako bat eta atzo, eguena, egin zuten aurtengoa. Alos Quartet orkestraren Hariz Harri musika emanaldia. Xabier Zeberio tolosarraren zuzendaritzapean aritu ziren fin taldekideak: Francisco Herrero –biolina, 25 urtetan Zeberioren ondoan, donostiarra–, Lorena Nuñez –Gasteizko biola jotzailea–, Alejandro Saul –txeloan, kubatarra–, Iñigo Egia –perkusioa, donostiarra– eta Iban Alzate –baxuan, tolosarra–. Ordu eta erdiko kontzertua eskaini zuen taldeak eta santutegia bete zuten entzuleek txaloekin lagundu zieten hainbat piezetan, Leitza izenekoan esaterako. Mikel Laboaren Oi Pello Pello abestiaren bertsio bat, ezpata dantza eta Udako euria dira taldeak jo zituen beste piezetako hiru. Iñar Sastre piano jotzailea izan zuten lagun hainbatetan.
Iluntzeko zazpietan hasi zen emanaldia. Juan Migel Dorronsoro frantziskotarrak hartu zuen hitza elizan zeudenen aurrean: "Topaleku izan da beti Arantzazu. Egun ere jarraitzen du izaten; fededunena, mendizaleena, artea maite dutenena, errefuxiatuena eta gaur, musika zaleena". Eskerrak eman zien antolatzaileei segidan, eta jendearen txaloak amaitu zirenean, arran hotsa entzun zen elizan, ardiak etorriko balira moduan. De Feliperen ahotsa entzun zen gero kantuan, eta Iban Urizar Amorantek, elizaren pasilo luzea zeharkatu zuen tronpeta jotzen, atzetik aurreraino. Poliki-poliki Alos Quartet-eko kideak aldare aurrean prestatutako oholtza gainera igo ziren, eta abestiaren erritmoa jarraitu zuten bakoitzak bere instrumentua jota.
Kontzertuak iraun zuen ordu eta erdian igo ziren gonbidatuak, bakoitza bere unean, oholtza gainera. Olaia Intziarte izan zen lehena; Mila Laboaren Lili bat kantuaren bertsio bat abestu zuen. Erreka kantua aukeratu zuen Amorantek eta Natxo de Felipe izan zen hurrengoa, “Aita guria” kantuarekin, 1984ko abestia; aspaldi ikusi barik, txalo zaparradarekin egin zioten harrera entzuleek. Gorka Urbizuk Olaia Intziarterekin batera abestu zuen Teoria bat kantua; aurretik, intro moduan, bakardadeari buruzko “Eleanor Rigby” kantua ekarri zuen Urbizuk euskarara, The Beatles talde mitiloarena. Bestalde, Amaia Elizaran dantzariak bi piezetan hartu zuen parte; elizako pasilo luzean aritu zen dantzan baten eta oholtza gainean beste baten.
Zortzi t´erditan bukatu zen hamalau bat piezek osatu zuten emanaldia, baina jendea gustura zegoen, gehiago entzuteko gogoz eta zutitu egin zen eta bisak eskatu txaloka. Berriro igo ziren musikariak gora eta beste hiru pieza jo zituzten, antolatzaile eta entzuleei eskerrak eman eta musikarien aurkezpenak egiteaz gain. Azkena, Bixente Martinezekin, berak sortu eta Oskorrik hainbestetan jo zuen Mode kantua izan zen. Amaierako txalo zaparradak asko iraun zuen; bederatziak egin ziren jendea elizatik ateratzen hasterako.
Aspaldi agortu ziren kontzerturako sarrerak baina 19:00etan hastekoa zen kontzerturako ilaran zegoen jendea 17:30erako. Arkupetan, gazta saltzaileen ondoan, hasi zen ilara eta arkupeak beteta, santutegiko sarreraraino luzatu zen. Barreneko aparkalekuraino zeuden ibilgailuak aparkatuta.