Ezer ez da lekuz aldatuko lan horiekin, baina igarriko dira hainbat aldaketa. Adibidez, kioskoan harmailak jarriko dituzte, azokako arrapala aldatu eta eserleku berriak jarri lorategietan. Lorategi eta kiosko inguruko zoruan galtzada-harriak jarriko dituzte, eta frontoi arteko lurzorua asfaltatu, adibidez. iturria espazioaren parte izango da eta eskailera batzuk jarriko dituzte Lazarraga parkearen kontrako harrizko paretan, jolaserako.
Irisgarritasuna hizpide
Irisgarritasuna izan da lan horien oinarri ere, eta, horregatik espazio batzuk egungoak baino zabalagoak edo zuzenagoak izango dira, eta koskarik gabeak. Lorategien espazioko zoruan dagoen harri solte hori kenduko da, eta zoru berria bota. Teila edo okre koloreko galtzada-harria erabiliko da, trataera goxoa duena. Gune batzuk indartzeko edo, kioskoa, iturri ondoa edo gaztelekuko sarrera, adibidez, modu zirkularrean jarriko dira pieza horiek. Iturria inguru horren parte izatera lortzea ere gura da.
Iturri ostetik frontoirainoko zorua zurrunagoa izango da, asfaltoa, baina diseinua zainduko dute. Bestalde, Lazarraga parkearen kontra dagoen harrizko paretan eskailera batzuk egingo dituzte, jolas-elementu moduan erabiltzeko.