'Debagoiena ehuntzen' proiekturako 6.760 euro bideratzea onartu dute Oñatin

Txomin Madina Milikua 2025ko uzt. 29a, 12:35

Osasun kontuak tarteko, Izaro Elorza alkatearen presentzia barik egin dute Oñatiko uztaileko osoko bilkura: aukeratu gabeko bakardadearen bueltakoa den 'Debagoiena Ehuntzen' proiekturako 6.760 euro bideratzean adostu dute. 

Maiatza bukaeran aurkeztu zuten eskualde mailakoa den Mankomunitatearen proiektua, Debagoiena ehuntzen: bakardadearen korapiloa askatu izena duena. Egitasmoak 147.600 euroko diru-laguntza jaso duen arren, ez da nahikoa eta falta dena osatzeko egingo du Oñatiko Udalak aipatutako 6.760 euroko ekarpena. "Diru-laguntza horrek ez du ematen proiektuak benetan duen aurrekontu osoa estaltzeko. 35.000 euro jarri behar ditugu herri guztiek batera, eta gaur onartutako kopurua da zati horretatik Oñatiri dagokion", azaldu du Lierni Altube zinegotziak, Oñatiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Batzorderburuak.

Altuberen esanetan, aukeratutakoa ez den bakardadea egon badagoela eta egoten jarraituko duela ikusita, herritarrak eta erakundeak gaiaren bueltan ahalduntzea du egitasmoak helburu. Bide horretan, herri bakoitzean egoera zein den jakiteko inkesta bat egin dute eta irailean emango dute inkestaren emaitzaren berri

Proiektuaren bueltan, gainera, bestelako hainbat ekintza ere egingo dituzte datozen hilabeteotan. Ekainean, esaterako, bakardadearen inguruko hitzaldia egin zuten Arrasaten eta izandako harrera ikusita, gainerako herrietara zabaltzea ere erabaki dute; hala, udazkenean egingo dute Oñatin.

Puntu ia guztiak, aho batez

Ikasturteko azkena izan den osoko bilkuran aho batez onartu dute Debagoiena Ehuntzen egitasmoari buruzko puntua, baita ia gainerako guztiak ere; besteak beste, Udalaren eta haren jabetzakoak diren enpresa publikoen 2024ko Kontu Orokor Bateratuak. Puntu bakarrak eragin du Udal Gobernuaren eta oposizioaren arteko desadostasuna: Oñatiko Udalaren eta Olaso Dorrea Fundazioaren arteko urtebeterako hitzarmenak. Puntu horrek ere aurrea egin du, baina EAJko zinegotzien abstetzioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak