Josu Zubia: "Material tekniko guztia lapurtu ziguten"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko abu. 1a, 16:00

Barakaldoko aparkaleku batean zuten furgonetan lapurreta egin zioten Oñatiko pailazo taldeari; kalteak arintzeko asmoz, elkartasun-kamisetak dituzte orain salgai.

2016an abiatu zuten, Algaraz elkartearen baitan, Potx eta Lotx pailazoak protagonista dituen Oñatiko antzerki konpainia; harrezkero askotariko ikuskizunak egin dituzte. Josu Zubia Potx (Oñati, 1994) pailazoarekin izan da GOIENA.

Noiz eta zelan izan zen lapurreta?

Ondo gogoratzen dut eguna, maiatzaren 4ean izan zen, nire urtebetetze egunean, hain justu. Barakaldon geunden eta handik Ordiziara joan behar genuen, arratsaldean ikuskizuna genuelako. Bada, furgoneta zabaldu bezain pronto konturatu ginen tresna tekniko guztiak lapurtu zizkigutela.

Zein material eroan zizueten?

Genuen material tekniko guztia; hau da: erremintaz betetako kaxa bat; lau mikro eta haien sistema elektronikoak; monitoreen edo in-ear-en sistema osoa; eta baita ikuskizun hartarako erositako argi edo foku batzuk ere. Zorionez, egungo ikuskizuneko dekoratuak ez zituzten eroan.

Zein kalte eragin dizue lapurretak?

Burukominaz gainera, bereziki, kalte ekonomikoa izan da. Eguerdi partean konturatu ginen, gutxi gorabehera, lapurtu egin zigutela, eta 17:30ean Ordizian genuen ikuskizuna; hala ere, aurrera egitea erabaki genuen. Bada, lantaldea hiru zatitan banatu genuen: batzuk ikuskizuneko abestien grabaketak lortu eta dena prest izateaz arduratu ziren; beste kide batzuk ekipo teknikoa lortzera joan ziren, hau da, mikroak eta bestelako tresna teknikoak, eta, domeka zen arren, soinu-enpresa batekoak oso ondo portatu ziren eta behar genuen dena lortu genuen. Eta hirugarren taldea, berriz, erremintak eta bestelako gauza batzuk erostera joan zen bazar horietako batera. Denon artean helburua betetzea lortu genuen eta arratsaldean Ordizian ikuskizuna egin genuen!

Udako agendan izan du eraginik?

Ez, agendan ez du eraginik izan; hori bai, argiak ezik, beste dena erosi izan behar dugu eta kolpe latza izan da.

Zenbat lagunek osatzen duzue konpainia gaur egun?

Zortzi pertsona gaude taldean orain; ikuskizunetara zazpi lagun joaten gara.

Eta zein azpiegitura tekniko behar izaten duzue?

Lekuaren edo aretoaren arabera izaten da; izan ere, batzuetan ez dugu soinu-ekiporik eramaten, baina behar dugunean alokatu egiten dugu. Horrez gainera, ikuskizuna egin ahal izateko gutxieneko tresna teknikoak guk eramaten ditugu.

Nola egin diozue egoerari aurre?

Ahal den moduan; uste duzu sekula ez zaizula zuri pasatuko; hortaz, ez genuen asegururik. Horrek esan gura du guk ordaindu behar izan dugula material berri guztia. Hortik ikasten da, ezta?

Potx eta Lotx pailazoak, elkartasun-kamisetak soinean. Argazkia: Algaraz Elkartea.

Elkartasun-kamisetak atera dituzue; zein harrera izan dute?

Kolpe ekonomiko handia izan da eta zerbait egin beharra genuen. Pozik gaude, jende asko animatu delako kamiseta horiek erostera, baina zenbat eta gehiago salduz gero, hobeto. Kamiseta politak dira, soilak, diseinu berezia dute, Oñatiko Pernan Goñi artistak diseinatutakoak. Eskerrik asko, Pernan! Marrazki txiki bat eta esaldi bat dute: Tristurak lapurtu, gertatutakoari erreferentzia eginez.

Non daude eskuragarri?

Gure webgunean –Potxetalotx.eus–, eta baita guri idatzita ere: Pailazoak@potxetalotx.eus helbidera. Kamisetaz gain, kontu korronte bat zabaldu dugu, gura duenak ekarpena egin ahal dezan: ES66 2095 5057 4091 2569 0062.

Beste sortzaile edo talde batzuen laguntzarik izan duzue?

Bai; elkarte batzuetako jendea inplikatu egin da. Esaterako, bertan behera geratu edo desegin den antzerki talde batek zeukan dirua eman digu. Eta egia da antzerki eta musika talde askok lagundu zigutela berria zabaltzen, eta asko eskertzen da hori. Barakaldotik ere idatzi ziguten, gaiaren gainean egongo zirela esateko. Elkartasun edo bero hori sentitu dugu, bai.

"Eskerrik asko modu batera edo bestera kalteak arintzen lagundu diguzuen guztioi"

Nori eman nahi dizkiozue eskerrak?

Modu batera edo bestera laguntzen saiatu den jende guztiari, eta, baten bat laguntzeko gogoz geratu bada, jakin dezala garaiz dagoela kamiseta erosi edo bestelako laguntza emateko, oraindik ere baduzue aukera eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak