Auto elektrikoendako karga-lekuak jarriko dituzte Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 3a, 15:36

Definituta duen Energia Plana garatzeko bidean, esku-hartze berriak egingo ditu datozen asteetan Udalak: auto elektrikoendako karga-lekuak jartzeaz gain, LED teknologiara aldatuko ditu 688 argi puntu.

Eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko asmoz, LED teknologiara aldatuko ditu Oñatiko Udala ia zazpiehun argi puntua. Energia kontsumoa erdia baino gehiago jaitsiko ditu lan horiek, eta dirua ere aurreztuko du. Esleipen prozesu hau 2023ko abenduan jarri zuen abian Udalak, baina aurkeztu ziren enpresen arteko erreklamazio bat tarteko, luzatu egin da. Materialaren zain daude lanak datozen egunetan hasteko; 390.000 euroko inbertsioa izango dute, eta urrirako bukatzea da asmoa. Adibidez, San Martin auzoko argiteria puntuak dira aldatuko dituztenetako batzuk. "Hurrengo egunetan aldatzen hasiko dira, prozesu hori aurrera doa, eta, esan bezala, laster ikusiko ditugu aldaketak hainbat auzoetan", adierazi du Xabier Igartuak, Oñatiko Udaleko zerbitzuetako batzordeburuak. 

Eraikin publikoetan energia kontsumoa murrizteko ekintza planaren baitan, Zubikoako kantxa urdina eta pilotalekuaren argiztapenak berritu eta LED teknologiara pasa ondoren, orain inbertsio berriak egingo dituzte Azkoagain futbol zelaian. Izan ere, bertako argiteria-fokuak LED teknologiara pasako dituzte. Lizitazio prozesuko azken fasean daude eta dena ondo-bidean, laster hasiko dituzte lanak, denboraldi berrirako bukatuta egon daitezen. "Azkoagaineko argiteriak ere, kontsumo garrantzitsua dutenak, LED teknologiara pasatuko ditugu, eta espero dugu denboraldi hasierarekin batera aldaketak eginda egotea, eta hurrengo denboraldi berrian argi berriekin hastea".

Auto elektrikoendako karga-lekuak 

Aurreko agintaldian Udal Gobernuak finkatutako Energia Planaren barruan eta mugikortasun iraunkorrari dagokionez, Zubikoako eta Kalegoienako lur azpiko aparkalekuetan auto elektrikoendako karga-lekuak jarriko dituzte: lau plaza aparkaleku bakoitzean. Autoen elektrifikazioa bultzatzeko, kalean kargagailuak jartzea jasotzen du Energia Planak eta apustu horren alde egin behar dutela uste du Udalak. Lehen froga izango dira zortzi plaza horiek. Bertakoek zein kanpotik datozenek erabiltzeko moduan egongo dira. Gainerako ibilgailuek bezala, txartela jarri beharko diote autoari kargatzeko. "Normalean, herrian ibilgailu elektrikoren bat duenak, bere etxean edo garajean edukitzen du karga puntu bat, baina beti aipatzen da arazo iturri izaten dela joan-etorriak egiterako orduan. Oñatira datozenendako ere izan daiteke aukera bat kotxea kargatu nahiko balute, horretarako aparkalekuak izango lituzketelako; eta noski, baita herritarrek ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak