Hiru bider Euskadiko txapelduna izandakoa da hemeretzi urteko legazpiarra –16 urtez eta 18 urtez azpikoetan, eta Xake Azkarreko Txapelketa Absolutuan– eta bera da, aitarekin batera, oñatiarrei xakean erakusten dabilena. Alberto Vesgak ordu asko ematen ditu Oñatin, lan kontuengatik. Xake eskolak emateko ere baliatu du aukera eta, zaletasuna dagoela ikusirik, proiektua abiaraztea pentsatu zuen, guraso batzuekin batera. Hala, Aloña Mendiri egitasmoa aurkeztu eta elkartean sartzeko eskaera egin zioten eta, onespena jasota, goizean egin dute aurkezpena. Xakea ikusarazteko eta jendea animatzeko ekintza izan da.
Jokatzera animatu direnen artetik gehienak ezagutzen zituzten aita-semeek –izan xake eskoletatik edo udako kirol kanpainatik–, baina jende berria ere etorri da. Parte-hartzaileen maila altua nabarmendu dute, "batzuk hasi berriak" direla, baina "beste batzuk partida serioak egiten" dituztela esanez.
"Zaletasuna aurrera eramateko aukera"
Sail berriaren sorrera xakea gustuko duten gaztetxoei –eta ez gaztetxoei– euren zaletasuna aurrera eramateko aukera bat ematera datorrela azaldu du Aloña Mendiko presidente Anton Inzak, eta jarraikortasuna izateko nahia erakutsi du: "Ea lortzen dugun jarraikortasuna izatea; hau hasiera da, ea noraino heltzen garen".
Pasioz ikusi du umeekin Markel Vesga eta hori pozgarria dela adierazi du: "Hori ez da ikasten, barrutik dator".
Jokalari moduan, Euskadiko Xake Azkarreko Txapelketa Absolutuan bosgarren egin zuen atzo gazte legazpiarrak. Egubakoitzean, Huescara doa hamar eguneko txapelketa batera.