Kezkatuta iritsi dira asko Torreauzoko kroseko irteera puntura; izan ere, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago gogor jotzen zuen eguzkiak. Antolatzaileek ere "beldur puntu bat" bazuten, korrika egiteko egoera ez delako hoberena izan. Hala ere, irteera puntua jendez josita egon da beste urte batez.
Lehia handia egon da gizonezkoetan; izan ere, korrikalariek Olaten bira ematen duten tokira bosteko taldetxoan iritsi dira aurreneko sailkatuak. Helmugara bidean Endika Donnayk erritmoa aldatu du, baina gertutik jarraitu dio Aitor Mimenzak, eta kilometro gutxi batzuren faltan aurrea hartu dio elorrioarrak Donnayri; hala, helmuga lehenengo postuan zeharkatzea lortu du, Donnay baino sei segundu lehenago.
Emakumezkoetan lasterketa lehenago apurtu da: Idoia Nogalesek beherala hartu du aurrea, eta atzean utzi ditu podiumeko borrokan egon zitezkeen aurkari guztiak. Ordu erdi besterik ez du behar izan debarrak 7,5 kilometroak bukatzeko eta, hala, Torreauzoko lehenengo postua eskuratzeko. Minutu eta erdi geroago iritsi da Alaitz Atxa oñatiarra (iaz ere podiumera igo zen, hirugarren postuan), eta Nagore Uribarri oñatiarrak osatu du podiuma.
Sailkapena:
Gizonezkoak
- Aitor Mimenza (24:16).
- Endika Donnay (24:22).
- Xabier Lete (24:39).
Emakumezkoak
- Idoia Nogales (30:03).
- Alaitz Atxa (31:33).
- Nagore Uribarri (34:47).
Oñatiar azkarrenak (podiumetik kanpokoak)
- Beñat Madariaga (27:18).
- Garazi Erostarbe (35:18).
Sailkapen orokorra, hemen.
Bero handia
Lasterketaren ostean, Mimenzak onartu du "sekula" ez duela halako beroarekin jokatu Torreauzoko krosa, eta horrek "eragin handia" izan duela lasterketan. Beroa dela eta, Gurutze Gorrikoek korrikalari bat eraman behar izan dute Debagoieneko ospitalera "prebentzio gisa".
Balorazio positiboa
Urtetik urtera parte hartzaileen kopurua "egonkortu" egin dela diote antolatzaileek, eta horrek lasterketa antolatzen jarraitzeko "indarra" ematen die. Beroari dagokionez, korrikalariek "espero baino hobeto" erantzun dutela diote, eta, oro har, lasterketaren 26. edizioaren balorazio "oso positiboa" egiten dute.