San Lorentzon faseka ari dira lanak egiten eta hamaikagarrena izango da oraingo hau: fase garrantzitsua eta, bolumenez, handia, Eltzia pareko ermitatik goraino doan eremua hartzen duena. Irisgarritasun lanak egingo dituzte bertan, zaharkituta geratu den auzoa delako.
Irisgarritasun lanak egingo dituzte Mendiko kalen ere. Udaletxean aspalditik dago jasota bertan proiektu bat egiteko beharra, baina, obra batzuk medio, azken urteetan ezin izan dute esku-hartzerik egin.
Kasu bietan, plataforma bakarraren kontzeptua txertatzea da ideia nagusia, hau da, errepidea eta espaloiak maila berean ipintzea, oztopo arkitektoniko nagusiak ezabatzeko, ahal den kasu guztietan. Horretarako, zoladurak aldatuko dituzte; asfaltoa aldatu, berritu edo goratu; eta seinaleztapena edo oztopo izan daitekeen beste edozer ekidin.
Parke Gorria
Lurralde Antolamendu sailetik bideratutako beste proiektu bat gehitu behar zaie jada azaldutakoei: Parke Gorrikoa. Aisialdi eremu ezberdin bat bilatzen du Udalak, kasu horretan, 8-14 urte bitarteko haur eta gazteentzat, gehienbat.
Horretarako oholtza moduko batzuk eta egoteko lekuak jarriko dituzte, eta berdeguneek presentzia gehiago hartuko dute.
Epeak eta aurrekontuak
Lizitazio faseak irailean bukatuko dira, azkarren jota, eta ordutik aurrerako lanak izango dira; udazkenean hasita egitekoak, beraz. Iraupenak erabat zehazterik ez dago, baina Parke Gorriko lanek hiruzpalau hilabete iraungo dute; Mendiko Kalekoek, bost inguru; eta San Lorentzokoek hamaika-hamabi. Aurrekontuak 270.000 euro, 345.000 eta 940.000 dira, hurrenez hurren. San Lorentzon, gainera, behin lan horiek eginda, azken fase bat geratuko da, bebarru guztietarako ibilbideak irisgarri egin eta gero, auzoa inguratzen duen errepidea eta horko espaloiak barne hartuko dituena.
Plaza ondoko lanak
Proiektuok lizitazio fasean uneotan, beraz, eta plaza ondoko lanak hurrengo astean bertan hastekotan. Orsak egingo ditu eta datorren urte hasierarako amaituta izatea espero da.