Herria txukun mantentzeko eskaera egin du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 27a, 14:00

Herrian pintadak, kartelak, pegatinak, zaindu gabeko lorategiak eta moztu gabeko belarra dagoela salatu du EAJk ekaineko osoko bilkuran, eta herria txukun eta garbi egoteko berehalako neurriak hartzea eskatu dio EH Bilduko udal gobernuari.

Eskaera mozio bidez egingo zuela iragarri zuen EAJk aurreko astean, baina galde-erreguen taldean egin du azkenean, gai zerrendan ez zelako mozioa sartu eta presazko gaien puntuan sartzeari uko eginez. Amaia Erostarbe bozeramaile jeltzaleak ez dio horri garrantzirik eman, baina euren eskaera garbia dela adierazi du, hirigune historikoan, monumentu esanguratsuetan, hodietan, hormetan zein hesietan dauden pankartak, pintadak eta pegatinak kentzeko. Konpromiso handiagoa eskatu dio Udal Gobernuari, egoera gobernuak duen "inakzioaren" ondorioa dela gaineratu. Udal Gobernuarendako baina, ez da egia gobernuak "inakzioa" duenik, eta azken hilabeteetan egindako hainbat lan aipatu ditu horren adibide moduan. "Azken bi urteetan 262.000 euro bideratu dira ondare historikoaren zaintzara udal langileek egiten duten lanetik aparte".

Garbiketa eskaera horrekin batera, herriko hainbat belarditan belarra altu dagoela esan dute jeltzaleek eta hori gobernuaren planifikazioa falta dela salatu. Udal Gobernuko Xabier Igartuak, aldiz, erantzun die azken asteetan 51 gune ezberdin ezberdin moztu direla baina garai honetan belarra azkar hazten dela Oñatin eta beste toki askotan, eta gerta daitekeela bigarren aldiz iritsi orduko belarra berriz hazita egotea. Gobernua kritikatzeko aitzakia dela gaineratu zuen eta edozein proposamen, galdera edo informazio eskaera udal batzordeetan egin dezaketela gehitu. Pankartak eta pintadak kentzen direla ere esan du Udal Gobernuak.

Gai horrez gain, ekainaren 28an, zapatuan, ospatuko den Harrotasun Eguna aintzat hartu zuen udalbatzak atzo egindako ohiko osoko bilkuran. Alderdi biek adostutako adierazpen instituzionala onartu zuten, aho batez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak