Bizitzaren katedrala kontzertu ibiltaria aurkeztu du Ganbara Faktoriak, "natura, musika eta hitza batzen dituen esperientzia eszeniko paregabea", eta Arrikrutzera joko dute horretarako, kobazuloan barrena egingo baitute ikuskizuna. Danel Teran aktoreak espeleologo baten rola hartuko du, eta publikoa gidatuko du, Arrikrutzen historia kontatuz ibilbide labur batean zehar. Hainbat geldialdi egingo dituzte, eta kontzertu musikalak entzungai izango dira: Hots Abesbatzaren eta Ganbara Abesbatzaren eskutik, Amaia Zipitria piano-jotzailearen laguntzarekin eta Aitor Biain-Bidarte zuzendari artistikoaren gidaritzapean.
Ikuskizunak, zehazki, antolatzaileen hitzetan, bost atal izango ditu: sarreran, kobazuloaren kokapena, ingurunea eta berezitasunak landuko dira; deskribapenean, Arrikrutzeko historia geologikoa eta gizakiak harekin izan duen harremana aztertuko dira; ondoren, kobazuloaren sekretuetara joko dute, eta baita hango animalietara ere; eta azkenik, Bizitzaren katedrala obraren estreinaldia egingo da.
Obra, Ugalderen eskutik
Eva Ugalde konposatzailearen obra originala da Bizitzaren katedrala, Josu Zubiaren testuetan oinarritua dagoena, eta "momentu hunkigarri eta artistikoki gorena" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, lau atalez osatutako suite-a ondu du: Taupa eta indar (koru mistoa eta pianoa), Tantaz tanta (ahots zuriak eta pianoa), Babes nazan (koru mistoa eta pianoa) eta Bizitzaren lorratza (koru mistoa, ahots zuriak eta pianoa).
Sarrerak eta autobus zerbitzua
Kobara sartzeko, eta, horrenbestez, ikuskizunaz gozatzeko, gonbidapena behar dela ohartarazi dute antolatzaileek: Txokolateixan eskuratu daitezke, eta ehun lagunendako tokia dagoela aurreikusten dute. Horrez gain, jakinarazi dute autobus zerbitzu berezia egongo dela publikoarentzat: 21:00etan aterako da autobusa Correos-etik, eta 23:15ean izango da itzulera, Arrikrutzetik.