Corpus eguna da gaur Oñatin, egun seinalatua. Prozesioko arduradunak beroaren beldur ziren, baina joan egin da aurreko eguneko bero zakarra eta ondo egin dute ibilbidea bai San Migelek, bai hamabi apostoluek eta bai gainerako segizio guztiak.
Goizeko lehen lanak
Txistularien goiz-eresiarekin eman diote hasiera Corpus egunari. Musika bandak ere jo du eta 10:00ak aldera hasi dira santuak parrokiara iristen. Txistulariak eta Oñatz dantza taldeko dantzariak izan dituzte zain. San Migelen irudia izan da parrokiari iristen azkena eta puntual hasi da meza nagusia.
Bien bitartean, mugimendu handia zegon da Santa Ana aretoan. San Migel, hamabi apostoluak eta Kristoa janzteko lanetan ibili dira hainbat lagun. Garaiz egon dira prest.
Meza eta prozesioa
Beste urte batez bete egin da San Migel parrokia meza nagusirako. Oñatz dantza taldeko kideek aldarean dantza egin duten unea izan da esanguratsuenetakoa. Ane Irazabalek jantzi du gaur goizean kapitainaren jantzia eta lehen aldiz dantzatu da emakume bat urdinez Corpus eguneko elizkizunean. Dantzarien artean beste bost emakume izan dira aurten.
Meza amaituta prozesioaren txanda izan da. Kofradiako kideek gidatuta egin dute, eta musika bandak, txistulari taldeak, dantzariek, santuen irudi guztiek, hamabi apostoluek, abadeek eta parrokiako gainerako laguntzaileek egin dute plazarainoko bidea. Jendez beteta egon dira Oñatiko kaleak eta San Migelek ohiko erreberentziak egin ditu bidean.
Plazako ekitaldia
Behin plazan, santuen irudi bakoitzak bere lekua hartu du eta aldare nagusian gurtu dute San Migel elizgizonek. Dantzak ere eskaini dizkiote aldareari eta San Migelek ohiko erreberentzia egin du.
Pozik ziren protagonistak prozesioa amaitutakoan. "Beroa espero genuen baina ez du hainbestekoa egin eta ondo egin dugu prozesioa", azaldu du apostolu jantzia soinean eraman duen Itsaso Egañak.
Iritzi berekoa zen San Migel lanak egin dituen Ibai Gonzalez. "Kaskoak eman dit niri arazo gehiago, baina ondo joan da dena eta pozik amaitu dugu".
Gustura zen baita ere dantzarien kapitain Ane Irazabal. Dantzari guztiek besarkada handia eman diote elkarri behin San Migelen irudia udaletxean entregatu ostean. "Oso gustura ibili gara. Dena irten da ondo eta horregatik besarkada", azaldu du. Corpusetako domekan urdinez janztea oso berezia izan da Irazabalendako. "Uste dut elizako aldarean dantzatzeko unea izan dela niretzat bereziena. Baina, oro har, dena".
Arratsaldean, dantza emanaldia plazan
Bazkari berezi asko dira gaur Oñatin. Amaitutakoan, 18:15ean, Oñatz dantza taldearen eta txistularien emanaldia izango da plazan. Ekitaldi horrekin emango diote amaiera aurtengo Corpus jaiei.