Jeltzale debagoiendarrendako egun seinalatua izan da gaurkoa, eskualdeko Alderdi Eguna ospatu baitute Oñatin alderdiaren eta herritarren arteko harremana sendotzeko asmoarekin. Goizean Murgialdai Txakolindegira eta Txokolateixara bisita egin ondoren, ekitaldi politikoa egin dute Foruen plazako lorategian eguerdiko 12:30etan.
"Debagoienako alderdikideok gaude elkarren arteko festa batean eta horrelako aukerak politak izaten dira" adierazi digu Maria Eugenia Arrizabalagak.
Ekitaldiarekin hasteko, Ane Alberdi alderdikide berriak gazteek ere eguneroko gaien ardura badutela azpimarratu nahi izan du: "EAJko gazte abertzaleok gauza bat argi daukagu, gure buruaren jabe izan nahi dugula. Gu ez gara gazte desinformatuak eta gure buruaren jabe izateko fake news eta batzueri komeni zaizkien egi itxurazko gezurrak ezagutzen ditugu. EAJko gazteak abertzaleak gara, euskara da gure hizkuntza eta euskararekin dugu gure eguneroko konpromisoa, argi dauzkagu gure helburuak".
Urrutia legebiltzarkideak bere aldetik, alderdiaren izaerari buruz hitz egin du. Politikaren ezker-eskuin posizionamendutik aldenduta, alderdi jeltzaleak beste ardatz bat duela gogorarazi du: "EAJ ez zen sortu Espainiak gobernantza emateko, EAJ sortu zen euskotarren aberria den Euskadi askatasunera eramateko eta bidean herritarrak zerbitzatzeko".
Arrizabalagak Eusko Alderdi Jeltzalea zer den, orain arte zer izan den eta hemendik aurrera zer izan nahi duen azpimarratu du ekitaldian eta alderdiak eraman behar duen norabidea azaldu du. Paradigma aldaketa batetik datorren proiektu politikoa aurreratzen du, Espainiaren menpe egotetik Espainiarekin akordioak lortzera trantsizioa eginez eta populismoari aurre eginez: "populismoa ez bakarrik mundu mailakoa, baita hemen bertakoa, populismo 0km esaten diot, populismoa da demokraziak duen gaitzik handiena, tresna bakarra dauka eta da gezurra eta manipulazioa eta gu abertzale bezala erabat kontra gaude".