Aurtengo Emakume sortzaileak egitasmoa ez da erakusketa bat egitera mugatu; herriko emakume sortzaileen arteko sare bat sortzea izan da helburuetako bat, eta hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izan dute bertan izena eman zuten 25 sortzailek. Hasteko, galdetegi bat bete behar izan zuten, esaterako, euren erronkak eta beharrak zeintzuk diren azalduz, eta, horren ostean, solasaldi-tailer bat egin zuten, euren artean elkarrizketarako espazioa sortzeko asmoz; sormen-prozesuaz, esperientziaz, izandako erreferenteez… hausnarketak eta esperientziak partekatu zituzten.
Horrez gain, aukera izan dute euren sormen-prozesuaren bizipenen grabaketan parte hartzeko. Ikus-entzunezkoetan aditu Itziar Bastarrikak garatu du bideoa, eta soinua Aran Saiz konpositore eta piano-jotzaileak interpretatu du. Zabaldu duten erakusketan egongo da ikusgai bideoa eta hau da Saizek horretarako konposatutako pieza.
Parte-hartzaileak
Hogei emakume sortzaile hauek hartu dute parte aurtengo erakusketan: Maider Arregi Markuleta, bertsolaria; Hortensia Alcala Garcia, margolaria eta idazlea; Lide Osinaga Ormazabal, osagarrien artisau joskina; Puri Tejerina Escoriza, margolaria; Mirari Sagarzazu Sacristan, ilustratzaile, artisau eta bertsolaria; Idoia Etxeberria Elorza, idazlea; Maria del Carmen Castro Collarini, joskina; Itziar Arkauz Onraita, antzezle eta musikaria; Aran Saiz Markuleta, konpositore eta piano-jotzailea; Miren Zubeldia Plazaola, yoga eta elkartasun alorretik; Teresa Diaz, margolaria; Irene Balzategi Arkauz, interprete eta bitartekaria; Nagore Goñi Lorenzo, argazkilaria; Miren Maiztegi Moyua, sukaldaria; Ana Maiztegi Moyua, sukaldaria; Edurne Ugarte Nieto, osagarrien eta pitxien artisaua; Lukene Igartua Egaña, idazlea; Izar Mendiola Igartua, ilustratzailea; Milana Etheria, eskulangilea; eta kakorratz-lanak egiten dituen Marian Perea Ortuño.
Erakusketa zabalik dago
Egitasmoaren beste helburuetako bat da protagonisten lanak ikusaraztea, eta atzo, eguena, inauguratu zuten erakusketa, Santa Anan; hilaren 22ra arte bisitatu ahalko da.
Etorkizunera begirako elkarlan-saioa egingo dute eguaztenean, jakiteko ea interesgarria iruditzen zaien euren arteko sarearekin jarraitzea eta sortzaileen proposamenak ere jasoko dituzte.
Parte-hartzaileak, gustura
Aran Saiz konpositorea eta piano-jotzailea da parte-hartzaileetariko bat, eta dio ekimenak kontaktuak egiteko balio izan diola, besteak beste: "Esperientzia aberasgarria izan da. Izan genuen solasaldian, esaterako, bistaz bakarrik ezagutzen nituen Oñatiko emakume sortzaileak gehiago ezagutzeko aukera izan nuen. Musikaren munduan bizi naiz eta beti nago musikariz inguratuta, baina ez nago beste arte batzuekin harremanetan, eta kontaktuak egiteko balio izan dit egitasmoak".
Irene Balzategi sortzaile, interprete eta bitartekariak ere modu positiboan baloratu du: "Hasierako ezagutza-puntu moduan hartzen dut egitasmoa; lehen hazitxo bat izan da, oso aberasgarria".