"Harriduraz eta kezkaz" ikusi du udal gobernuak Oñatiko EAJk hartu duen jarrera mugikortasunari lotuta

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 30a, 13:07

Bideoa prozesatzen ari gara. Itxaron pixka bat mesedez...

Maiatzeko osoko bilkura egin zuten atzo, eguena, Oñatin eta galde erreguetan mugikortasunari lotutakoak izan zituzten berbagai. Israelek Gazan egindako operazio militarraren mozioari buruz ere jardun ziren, besteak beste.

Maiatzeko osoko bilkuran, galde erreguetan, udal gobernutik adierazi zuten “harriduraz eta kezkaz” ikusi dutela Oñatiko EAJk hartu duen jarrera mugikortasunari lotuta.

Udaleko Zerbitzu eta Mugikortasun batzordeburu Xabier Igartuak jakitera eman zuen astelehen honetan egin zutela bilera bailarako EH Bilduko eta EAJko hainbat ordezkarik, eurek egindako proposamenetik ia bi hilabetetara. Nahi zutena da alderdi biek ikusten zituzten Debagoieneko Lurraldebusen zerbitzuaren gabeziei Foru Aldundiak atera beharra daukan lizitazioan irtenbidea bilatzea. Bilera "tonu onean" joan zela gaineratu zuen Igartuak, baina "harriduraz" jaso zutela bilera ixilean lanean jarraitzeko asmotan amaitu, eta hurrengo egunean medioetan EAJren oharra irakurtzea: "Instituzio bakoitzari, bakoitzak daukan ardurari eskatu behar zaio ardura horiek betearaztea, baina ezin dena egin da komunikatu bat atera, kasu honetan EAJk atera duen moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena den ardura, Oñatiko Udalarena balitz moduan ipiniz. Uste dugu hori herritarrak engainatzen saiatzea dela, eta gainera, uste dugu bi hilabetez zain egon eta gero, ixileko lanean proposamen bat lantzeko, forma aldetik ere oso eskasa dela hurrengo eguna komunikabidetan irtetzea horrelako prentsa ohar batekin. Galde erreguetan hori interpelatu nahi izan dugu".

EAJko bozeramaile Amaia Erostarbek, bestetik, horrela erantzun zuen: "Esaten dute ez dela udal gobernuaren kontua, ez. Baina gu Oñatin gauden udal taldea gara eta guk proposatzen dugu Oñatiri begira izan daitezkeenak; Oñatiko kontuak izan daitezke edo aldundiarekin lotura dutenak. Baina guk pentsatzen dugu oso-oso gai inportantea dela garraioarena herritarrendako eta funtsezkoa dela hemendik irten ahal izatea autobusean".

EAJk oharrean adierazten zuen talde jeltzaleak "herritar guztiendako garraio sistema eraginkorragoa eta irisgarriagoa" bultzatu nahi duela eta Udal Gobernuak tokiko garraio publikoaren arazoaren aurrean, erabakirik ez duela hartu. Eta eskua luzatzeko borondatea agertu zuten, "konektibitate falta konpontzeko eta zerbitzuen kalitatea hobetzen duen plangintza integrala" elkarrekin egiteko.

Dena den, EH Bildutik adierazi dute aurreko legealdian ez bezala, oraingoan ikusten ari direla EAJtik hartu duten "dinamika arduragabea", "herritarren beharrei irtenbidea emateko udal batzordetan proposamenak edo eztabaidak bultzatu ordez, komunikabideetatik guztiz desitxuratutako eztabaida bultzatu nahian", eta pena dela, baina "ahaleginak egin dituzten arren, gero eta zailagoa" ikusten dutela elkarrekin zerbait egitea, ez dutelako borondaterik ikusten. 

Israelek Gazan egindako operazio militarra

Beste puntu batzuen artean, osoko bilkuran Israelek Gazan egindako operazio militarrari buruzko mozioa aurkeztu zuen EAJk. Aho batez onartu zituzten mozioak jasotzen zituen puntu guztiak, bi izan ezik. Puntuetako batean, EH Bildu abstenitu egin zen, sarraskiaren hasiera kokatzen zuelako 2023ko urrian, eta uste dutelako aurretik datorrela operazio militarra eta zapalkuntza. Eta beste puntu batean kontra bozkatu zuten, Europar Batasunak Israelekin daukan harremana "berrikusteaz" hitz egiten zen puntuan, eurek uste dutelako, "harremana etetea" eskatu beharko litzatekeela.

Bestelako gaiak

Beste gai batzuen artean, hainbat diru-laguntza onartu zituzten aho batez eta 2026an herriko jai-eguna irailaren 29a, San Migel eguna, izango dela ere izendatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak