Hamasei aldiz igo zen, maiatzaren 17an, Aloñara Argider Isasti (Oñati, 1977), Everesting delakoa erdiesteko. 04:45ean abiatu zen gorantz bizikletan, eta 23:45ean amaitu zuen proba, 188 kilometro eginda, 9.000 metroko desnibel metatuarekin.
Etxeko balkoia al da erronkaren erruduna?
Han dago jatorria. Ordu asko egin ditut balkoian, eta beti leku berera begira: Aloñara. Everesting zer den irakurrita nuen, Ameriketako Estatu Batuetan horretarako joera zegoela, eta hala garatu nuen ideia. Leku askotan egiten da, baina hasi nintzen pentsatzen Aloñan ez zegoela horrelakorik eginda, eta polita izango zela. Horri bueltaka hasi nintzen duela bizpahiru urte: buruan sartu zitzaidan egunen batean probatu egin nahi nuela, eta Aloñak izan behar zuela helmuga.
Azaldu ezazu: zer da Everesting?
Funtsean, Everest mendiak duen altuera, 8.849 metrokoa, desnibel metatuan egitea da, korrika edo bizikletan, mendate batean gora eta behera; kasu honetan, mendi batean.
Nolakoak izan dira horretarako prestaketak?
Data zehaztea izan da zailena. Lasterketa batean izena ematean, data jarrita dago, eta, eguraldia batekoa edo bestekoa izan, aurrera zoaz. Hala ere, zaila izan da data konkretu bat zehaztea, izan familiako kontuengatik edo bestelakoengatik. Are gehiago, Aloña baldintza onetan egoteak ere garrantzitsua izan behar zuen: lainorik ez egotea, eguraldi hotzik ez egitea, eguna luzea izatea... Eta horrek maiatz edo ekain aldera mugatzen zaitu. Planifikatuta eduki behar da, gutxi gorabehera, eta azken momentuan erabaki aurrera edo atzera egitea.
Maiatzaren 17a al zen hasieratik data zehatza?
Duela bi urte egin nahi nuen, oso berotuta nengoen, baina ez nuen datarik topatu. Hurrengo urterako utzi nuen, eta fisikoki egiteko moduan nengoen arren, ez nuen hutsunerik topatu. Aurten, berriz, ez dut prestaketa berezirik egin, baina fisikoki egiteko moduan nengoela pentsatu nuen, eta eguraldi ona zetorrela ikusi nuenean erabaki nuen aurrera egitea. Gainera, ohartu nintzen hamar urte betetzen zirela data berean Soplaoman irabazi nuenetik, hamasei zenbakidun dortsalarekin; eta horrez gain, nire kalkuluen arabera, hamasei igoera egin behar nituen Aloñara. Hamasei zenbaki berezia da, eta pentsatu nuen koadratzen zuela.
Hemeretzi ordu behar izan zenituen horretarako.
Bai. Gomiztegin aparkatu nuen autokarabana, ibilbidearen hasieran, eta, leku beretik egin behar nituenez igoerak eta jaitsierak, autokarabanara joateko aukera nuen aldiro, zerbait jan, edan, edo edozer zela ere. Hiru bizikleta eraman nituen, badaezpada, etxeko lanak ez nituelako ondo egin: ez nintzen fio batekin ere. Horrenbestez, lehen igoerak gaueko argiak jarrita zituen bizikleta batekin egin nituen, eta argitu zuenean beste bat hartu nuen; gravelekoa hura ere. Igoerak ondo egin nituen harekin, baina jaitsierak ez, errepiderako prestatua zegoelako, batik bat, eta Aloñako zorua ez delako horrelakoa. Azkenik, mendiko bizikletarekin egin nituen azken sei igoerak.
Jatekoa eta edatekoa zenuen autokarabanan; zer prestatu zenuen?
Lapiko bete makarroi egina nuen aurreko egunean, eta gelak eta barrak ere banituen. Urdailak, hala ere, zerbait gehiago behar izaten du aguantatzeko, eta jaki solidoagoak ere eman nituen; esate baterako, platanoak. Edateko edari energetikoak nituen, bospasei litro, nahikoa izango zela uste bainuen.
Hala ere, ez zen nahikoa izan, ezta?
Ez, eta horrek harritu egin ninduen: ez zen egun oso beroa, baina 11 litro likido behar izan nituen erronka egiteko. Eta horrekin lotuta bada beste datu harrigarri bat ere: 72 kilo ingururen bueltan ibiltzen naiz, baina etxera itzuli nintzenean, kuriositatez, pisatu, eta 68 kilo nituen. 11 litro ur edan nituen guztira, eta, artean, ere lau kilo likido galdu nituen!
Erronka ofizial egiteko aukera ere badago; ba al duzu asmorik?
Badago eginikoa erregistratzeko orrialde bat erronka ofiziala izan dadin. Nik ez daukat ofizial egiteko asmorik, baina, dena den, ofizialtzat hartzeko baldintzak bete nituen; esate baterako, igo eta jaitsi leku beretik egitea, ibilbidea zirkularra ez izatea, eta igoerak osotasunean egitea, hasi eta amaitu. Hala, ofizial egin gabe ere, arautegi hori zaindu nuen.
Zer eman dizu erronka horrek?
Batetik, ja ez daukat buruan egunean batean egin beharreko erronka bat denik, eta neure buruarekin lasai gelditu naiz. Bestetik, sekula desnibel hori egiteke nengoen, eta hori zer den jakiteko balio izan dit. Halere, aipatuko nuke kosta egin zaidala jendeari azalpenak ematea: nahiko harrikada da, baina niretzat badu azalpen bat, eta lasai lo egitea irabazi dut.
Ba al duzu beste erronkarik?
Hurrengo astean Laba Gravel proba egingo dut, 270 kilometrokoa: ez da lasterketa bat, baina abentura bai. Hiruzpalau eguneko ibilbide zirkular bat ere egin nahiko nuke udako oporretan, eta, horrez gain, ba- ditut bizikletarekin bidaiatzeko beste ideia batzuk ere.