Euskaraldia 2025

Irma Juaristi: "Gauza handirik egin gabe ere, asko egin daiteke euskararen alde"

Sara Lanz 2025ko mai. 25a, 15:00

Txanda Oñatiko merkatarien elkartearen izenean osatu du ennea 16 dendako Irma Juaristik Euskaraldiko Oñatiko hamaikakoa. Herriko komertzioetan hizkuntzaren erabilerak duen garrantziaren jabe da, eta argi du hamaika eguneko ariketaren bitartez euskara harremantzeko mintzaira bezala indartu daitekeela.

Oñatiko ennea 16 dendako arduraduna da Irma Juaristi (Oñati, 1978), eta aurten lehen aldiz parte hartuko du Euskaraldian, komertzio gisa. Aurrez aritu izan da norbanako gisa, baina, oraingoan, Txanda Oñatiko merkatarien elkartearen bidez animatu da hamaikakoko kide izatera eta ahobizi rola hartzera: "Egunero euskaraz egiten dugu, baina ariketa honek askoz kontzienteago egiten gaitu". Txandatik jaso zuen proposamena, eta ordezkari gisa parte hartzea ohore modura hartu zuen: "Gustura egon ginen, eta zenbait aurpegi ikusteak poza eman zidan; sorpresa atsegina izan zen". Komertzioan harremanak hizkuntzaren bidez eraikitzen dira, eta, haren ustez, ekimen horrek eguneroko xehetasunei arreta jartzen laguntzen du: "Batzuetan, ahaztu egiten ditugu, baina garrantzitsuak dira".

Kontzientziatik, egunerokotasunera

Juaristik dio Oñatin euskara presente sumatzen duela: "Kanpotik datozen asko euskaraz ikasten ari dira, eta hori oso polita dela uste dut. Hala ere, bertakoek ez dugu ahaztu behar guk zaindu behar dugula". Ariketaren helburua zehatz du buruan: "Lehenengo agurra euskaraz izatea; ez da asko eskatzea". Euskara haren ama-hizkuntza da: lagunekin, lanean eta familian beti euskaraz aritu izan da. Aurreiritziak alde batera uztearen garrantziaz ere mintzatu da: "Askotan, ezezagun bati zuzenean gazteleraz egiten diogu; nik hori zuzendu egin dut, eta merezi du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak