Oñatiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak orain arteko elkarlanari eutsiko diote etorkizunean ere. Araotzen, udalaren laguntzaz egokitu zuen putzua Aranzadik, eta aurrerantzean mantentze-lanak ere egingo ditu, espazioaren erabilera egokia bermatzeko: "Araotzen interes bereziko anfibioak daude, eta haien garapenean laguntzeko, ur-putzua egokitu genuen elkarlanean duela hilabete batzuk; orain onartu duguna da eremuaren aurrera begirako mantenua", azaldu du Iker Oñatek, Ingurumen arloko batzordeburuak.
Oñatin anfibioentzako lau ur putzu egokitu dira azken urteotan, 2015ean egindako anfibio eta narrastiei buruzko azterlanean oinarrituta, "espazio naturaletan bizi diren espezieen biziraupen eta garapenean laguntzeko". Araotzekoaren aurretik, Mikeletetxen, Belatxaran eta Olapotoko baso inguruan egin zituzten ur-putzuak.
1.500ndik gora izen-emate Euskaraldirako
Adostasunez onartutako beste puntu bat Euskaraldiaren adierazpen instituzionala izan da. Iñaki Olalde Euskara arloko batzordeburuak aipatu duenez, "bai Udala eta bai herritarrak prest gaude ariketa sozialean parte hartzeko, hamaika egun horietatik harago ere". Izen-emateen datua eguneratu du: "1.500ndik gora oñatiar daude izena emanda, eta horietatik ia 600ek egin dute bat Euskaraldia Hikarekin". Gainontzekoak ere Euskaraldian izena ematera gonbidatu ditu.