Buetraitzeko kilometro bertikalaren ordez Arranoaitzerako igoera egingo dute

Mireia Bikuña 2025ko api. 10a, 11:53

Hori da XX. Aloñako Igoeraren baitan iragarri duten asteburuak dakarren berrikuntza nagusietako bat: sei kilometroko ibilbidea izango da, 670 metroko desnibelarekin. Bestalde, lasterketa nagusian 350 korrikalarik parte hartuko dute. Horietatik 162 debagoiendarrak dira, eta horietatik 111 oñatiarrak.

XX. Aloñako Igoerak asteburu betea dakar, hilaren 25etik 27ra. Bost urtean behin egiten den kilometro bertikaletik hasi eta lasterketa nagusiarekin bukatu arte. Hain justu ere, Buetraitzeko kilometro bertikala bertan behera geratu izana da berrikuntza nagusietako bat. Horren ordez, Arranoaitzerako igoera egingo dute, Foruen plazatik hasita. Errekalde baserriraino lasterketa neutralizatua izango da, eta handik tontorrera, kronometratua. Arranoaitzeko txabolatik tontorrerako tartea azkarren egiten duenak Fagor Saria jasoko du (100 euro).

Guztira, 100 korrikalarik egingo dute hilaren 25eko proba, 22:00etan hasita.

Iñigo Larizek, Aitor Ugartek, Beñat Katarainek, Hodei Samaniegok eta Xabier Letek parte hartuko dute, besteak beste. Eta, emakumezkoetan, Ainhoa Lendinez (Buetraitzeko kilometro bertikala hirutan irabazi duena), Oihana Kortazar eta Maite Zabaleta.

Lasterketa nagusia

Hilaren 27an jokatuko den XX. Aloñako Igoerak ez du aldaketarik izango: 22,6 kilometro eta 1.886 metroko desnibela. 350 korrikalarik lortu dute dortsala zozketa bidez (842k eman zuten izena zozketarako): 307 gizonezkoak eta 43 emakumezkoak. Horietatik 162 debagoiendarrak dira: 111 oñatiarrak, 23 arrasatearrak, hamaika aretxabaletarrak, hamaika bergararrak, lau eskoriatzarrak eta bi antzuolarrak.

Korrikalari gehienak Euskal Herrikoak, eta bereziki gipuzkoarrak (237) dira; baina badaude kanpotik datozenak ere.

Izen propioak

Aloñako deabruak emandako bengalarekin helmugan sartzea zer den dakiten hainbat korrikalari egongo dira Oñatin: Walter Becerra (seitan irabazi du), Imanol Goñi (hirutan) eta Aitor Ajuria (bitan). Haiekin batera goiko postuengatik lehian egongo dira Jan Margarit, Diego Menendez, Anartz Artola, Mikel Zabalegi, Jon eta Beñat Etxabe eta Xabi Lete.

Emakumezkoetan Oihana Kortazarrekin batera (bitan irabazi du Aloñako Igoera), Lide Urrestarazi, Nuria Llanso, Irati Zubizarreta eta Ainara Uribarri egongo dira.

Ohiko sariez gain, irabazleek, deabruaren hiruhortza jasoko dute oroigarri moduan. Mendiaraiz enpresak egin du metalezko garaikurra, eta txapelarekin batera jasoko dute azkarrenek.

'Sagas'-i omenaldia

Proba 09:30ean hasiko da, baina, aurretik Asier Sagastizabal Sagas omenduko dute. Antolakuntza taldeko kide izandakoa urte askoan,  duela gutxi zendu zen. Urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko, omenaldi xumea egingo diote, irteera puntuan, etxekoei eta familiakoei babesa emateko. Era berean, antolakuntza taldeak 13. dortsala kendu du zerrendatik, Sagas-en omenez.

Salomon zirkuiturik ez

Iaz Aloñako Igoerak Salomon markaren babesa izan zuen, eta hari esker, lasterketa Golden Trail National Series zirkuituan sartu zen. Aurten, Salomonek hala erabakita, ez da zirkuitu hori egin, baina, babesle nagusi izaten jarraituko du.

Iazko lasterketa streaming bidez zuzenean emateko aukera eman zuen Golden Trail National Series zirkuituan egon izanak. Aurten ez da egongo zuzenean jarraitzeko aukeratik. Dena den, antolakuntzak ahalegin berezia egin du, lasterketaren une jakin batzuetan, zuzeneko irudi batzuk ikusi ahal izateko, Foruen plazan egongo diren pantaila erraldoietan.

Asteburu osoko egitaraua

Apirilak 25

  • 19:00-21:30, Aloñako Igoerako eta Arranoaitzerako igoerako dortsalen banaketa, Foruen plazan
  • 22:00etan, igoera bertikalaren hasiera
  • 23:30ean, azken korrikalaria Arranoaitzen
  • Jarraian, sari banaketa, Foruen plazan

Apirilak 26

  • 10:00etan, Salomonen Ultra Glide 3 oinetakoen testa, Foruen plazan
  • 12:00etan, testa egin duten korrikalarien talde argazkia, eta luntxa
  • 19:00etan, laguntzaileekin bilera, azokan

Apirilak 27

  • 08:00-09:00, Aloñako Igoerako dortsalen banaketa, Foruen plazan
  • 09:30ean, Deabruaren agerraldia eta probaren hasiera
  • 10:30ean, Aloña Txikiren hasiera
  • 11:30ean, lehen korrikalariak helmugan
  • 13:45ean, probaren amaiera, eta sari banaketa ekitaldia
  • 15:30ean, boluntario lana egin dutenekin bazkaria
  • Ostean, Andoni Ollokiegiren kontzertua

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak