Bost urtean behin egiten da Buetraitzeko igoera bertikala, Aloñako Igoerako asteburuarekin bat eginez. Aurten apirilaren 25ean da egitekoa, lasterketa nagusiaren XX. aldiarekin batera.
Antolakuntzatik adierazi dute Bellotzatik Buetraitzeko tontorrerako bidea egin ohi duela lasterketak, baina "ezinbestean ibilbidea aldatu beharrean" daudela: "Gipuzkoako Foru Aldundiak Aloñako Igoerako antolakuntzari ohartarazi dio babestuko hegazti espezie batek habia egin duela Arantzazuko ingurunean. Lasterketa bertatik igarotzeak arriskuan jarriko luke hegaztia, eta, beraz, Buetraitzeko igoera bertikala prestaturik geneukan formatuan ospatzea ezinezkoa izango zaigu", adierazi dute ohar bidez.
"Arduratsuak" izatea dagokiela esan dute eta antolakuntzak "erabakia ulertu eta onartu" beste aukerarik ez daukala: "Aloñako Igoera ingurumenari eta naturari estu lotutako lasterketa da, eta lasterketaren ezinbesteko baldintza ingurua zaintzea da. Aloñako Igoera ez litzateke ezer gure mendirik gabe, eta mendia ez litzateke ezer haren fauna, flora eta ekosistemarik gabe. Arduratsuak izatea dagokigu".
Beste ibilbide bat prestatzen
Lasterketa bertan behera uzteak parte-hartzaileengan "eragin dezakeen kaltea ulertuta", antolakuntza irtenbide bat bilatzeko lanean ari dela azpimarratu dute: "Beste ibilbide bat prestatzen gabiltza. Oraindik zein izango den ezin dugu esan, prestaketa lanak egin behar direlako, baina ahalik eta azkarren egingo dugu", adierazi dute.