Iaz abiatutako bideari jarraipena emanaz, martxan da dagoeneko datozen hilabeteetan Oñatiko emakume sortzaileak protagonista izango dituen egitasmoa. Gaur egin dute ekimenaren aurkezpena Oñatiko udaletxean eta Iñaki Olalde Oñatiko Udaleko Kultura batzordeburuak azpimarratu duenez, sortzaile izatea ez dute bakarrik kultura arloko pertsonetara mugatu gura: “Erdigunean emakumea jarri dugu, eta edozein esparrutan garatu dezake sormena: izan daiteke kulturan edo artisautzan, baina baita industria, ostalaritza edo turismoa bezalako alorretan ere”. Olaldek gaineratu du 2025eko egitasmoari heltzeko berriz ere jarri direla harremanetan iaz parte hartu zuten emakumeekin, eta gehiengoaren babes zabala jaso dutela.
Horren adibide da aurtengoa antolatzeko lantaldeko kide den Edurne Iriondoren kasua, Iaz ikus-entzunezko batekin hartu zuen parte eta aurten antolaketa lantaldean sartu da. Bere esanetan, ekimenak sortzaileen lana ikustarazteko eta sortzaileak elkarren artean saretzeko balio du eta oraingo honetan, sortze prozesuan jarri gura izan dute fokuan. “Sortzaileak esparru ezberdinetakoak izan daitezke, baina denek komunean dutena da sortze-prozesu bat jarraitzen dutela”.
Bost ekintza, tartean erakusketa
Hori horrela, bost ekintza aurreikusten dituzten aurtengo egitasmoan. Herritarrei zabalduta egongo den erakusketa izango da bosgarrena, baina aurretik sortzaileei begirako beste lau egingo dituzte. Hala, izena ematearekin batera sortze-prozesuari buruzko galdetegi bat emango zaie sortzaileei eta bigarren urrats moduan, solasaldi-tailer batean galdetegiko hainbat puntu landuko dituzte taldean. Hirugarren ekintza izango da horrela gura duten emakumeekin sortze-prozesuaren inguruko grabazio bat egitea eta laugarrena, etorkizunera begirako elkarlan saio bat egitea ordura arteko emaitzez hausnartu eta aurrera begirako beharrak identifikatzeko. Prozesu guztia oraindik ere zehazteke dagoen aholkularitza enpresa batek gidatuko du.
Herritarrei begira egingo den erakusketari dagokionez, asmoa da ekainean zehar jartzea ikusgai. Dena den, iazkoarekin alderatuta egongo da berrikuntzarik. Hala, sormen lana aurkezteaz gain, sortze-prozesuan lagungarri izan den bitarteko bat ere egongo da erakusketan: “Margolan bat erakusten duenak, esaterako, hori egiteko erabili duen materiala edo egin dituen zirriborroak jartzea da asmoa”, azaldu du Edurne Iriondok. Beste berrikuntzak dira sortzaileekin egindako prozesuan zehar ateratako ondorioak eta egindako bideoa ere ikusgai egongo direla, eta bisita gidatuak ere egingo dituztela.
Izen-ematea, zabalik
Aurtengo egitasmoan parte hartu gura duten sortzaileek dagoeneko eman dezakete izena Oñatiko Udalaren webgunean. Zalantzarik izanez gero kultura etxera deitzeko aukera ere badago.