Euskaraldiaren letra bakoitzari erreferentzia eginez eta futbol talde baten metafora erabilita, aurten Euskaraldiaren alde jokatuko duten hamaika pertsonako taldea aurkeztu dute eguerdian, Oñatiko plazan. Eguraldi kaskarra dela eta, azkenean kontzejupean babes hartuta egin dute aurkezpena, baina euriak ez du galarazi parte hartzaile bakoitza eszenatokira igo eta indarrez bere letrari eustea.
Hauek dira aurtengo hamaikakoa osatuko duten herritarrak: Jabi Agirre Beitia (Aloña Mendi elkartearen ordezkari gisa), Lurdes Igartua Dorronsoro (Euskaraldia Hikaren bultzatzaile gisa), Diana Milena Hernández Cortez (Auzoko elkarteko ordezkaritzat), Iñazio Irizar Etxeberria eta Joxe Anjel Urkia Goitia (Oñatiko Wikipediaren ordezkari), Irma Juaristi Madina (Txanda merkatari elkartea), Mayerlin Peña Peña, Unai Murgiondo Ezpeleta, Beñat Madina Korta (Oñatz elkartea), Txorimaloa (Konoburu), Sukena musika taldea, eta Uxue Igartua Kortabarria.
Txalo artean hartu dituzte hamaikakoa osatzen duten kideak bertaratu diren herritarrek, eta askok izena eman dute plazan bertan jarri dituzten postuetan, Euskaraldian parte hartzeko. Aurten bi berezitasun izango ditu Euskaraldiak: batetik, udazkenetik udaberrira igaro da ekimena, eta horrek, Julen Agirre Oñatiko Euskaraldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, txapek ikusgarritasun handiagoa izatea ekarriko du: "Arropa arinagoa daramagunez, errazagoa izango da txapak ikustea".
Hain zuzen, maiatzaren 15etik 25era bitarte izango da, hamaika egunez, eta euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte hartzeko aukera izango du.
Izen ematea, zabalik
Izena emateko, hainbat aukera zabaldu dituzte antolatzaileek. Batetik, entitate gisa izena eman nahi duenak, online galdetegi bat beteta erraz egin ahal izango du, euskaraldia.eus webgunean. Norbanakoek, berriz, online zein eskuz izena emateko aukera izango dute. Ekitaldian bertan izena ematerik izan ez duenak, lau gune izango ditu eskuragarri horretarako, hemendik aurrera: kiroldegiko sarrera, kultur etxeko sarrera, Pakelekuko taberna eta Lagun Leku jubilatuen elkartea.
Bestalde, Oñatik parte hartuko du aurten lehen aldiz egingo den Euskaraldia Hika ekimenean. Horrela, antolatzaileek azaldu dute Euskaraldian izena ematerako orduan, aukera egongo dela "Euskaraldia Hika" hautatzeko, eta H bat duen txapa berezi bat emango zaie hala nahi dutenei.