Oñatiko 42 esamolde, karta-joko baten jasota

Txomin Madina Milikua 2025ko mar. 11a, 15:53

Gaur goizean aurkeztu dute Oñatiko esamoldiak izeneko karta-jokoa. Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak prestatu du karten edukia eta horietan agertzen diren ilustrazioak Mirari Sagarzazurenak dira. Karta-jokoa Turismo Bulegoan eta Txokolateixan erosi ahalko da.

Etxeko mahai-jokoen apalean karta-joko berri bat izan ahalko dute aurrerantzean oñatiarrek; herriarekin zuzenean lotuta dagoen jolasa gainera: Oñatiko esamoldiak.   

"Urte asko dira Udaleko hainbat proiektuetan Badihardugu euskara elkartearekin lanean gabiltzala. Azken urteetan, Ingo xonau proiektuaren harira ikastetxeetako harremana sendotu eginda eta horri esker ekarpenak, zuzenketak… eta bestelakoak jaso ditugu. Hortik sortzen da Oñatiko esamoldeetan oinarritutako egitasmo bat egiteko aukera, gaur aurkeztu dugun karta-jokoan gorpuztu dena", azaldu du ekimenaz berba egiteko orduan Oñatiko Udaleko Euskara batzordeburu Iñaki Olaldek;  jolastu bitartean sortu daitezkeen elkarrizketen garrantzia ere azpimarratu du: "Seguru nago etxeetan nagusiek esamolde hauen eta beste batzuen ezagutza izango dutela, eta karta-jokoa horiek zabaltzeko modua izan daiteke".

42 esamolde

"Gantzak euki",  "mukukixo egon", "burubide bat emun", "trikitx egin"… Horrelako 42 esamolde jasotzen dituzte kartek eta Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria izan da jokoaren edukia prestatu duena: "Oñatiera oso aberatsa da, eta helburua da ondo pasatu bitartean horren barruan dauden esamoldeak ezagutaraztea eta denon ahotan egotea. Herriko euskara jasotzeko lan handia dago eginda aurretik Oñatin, besteak beste Roberto Altunari eta Jerardo Elortzari esker, eta hori erabili dugu jokoa osatzen duten 42 kartak egiteko; esamolde batzuk Oñatin bakarrik esaten direna eta beste batzuk euskara batuaren parte ere badira. Esan behar da, baina, gehiago ere badaudela".

Esamoldeak, horien azalpenak eta jolaserako galderak bakarrik ez, Mirari Sagarzazuk egindako ilustrazioak ere jasotzen ditu karta bakoitzak. "Marrazkiak egiteko irizpideak izan dira komiki estiloko eta ondo ulertzeko modu irudi garbiak izatea, kolore paleta bat jarraituz eta bertan agertzen diren pertsonak egungo gizartearen isla izan daitezen ahaleginduz: gorpuzkera ezberdinak, arraza ezberdinak….", azaldu du Sagarzazuk.

Jolasteko moduari dagokionez, karta-jokoak arauak ere jasotzen ditu kartetako batean. "Helburua da galderen eta definizioen bidez kolore bereko edo zenbaki bereko ahalik eta karta gehien elkartzea", esan du Etxeberriak eta gaineratu du gutxienez bi eta gehienez sei jokalarirentzako jolasa dela.

Edozeinek erosteko moduan

Guztira 300 karta-joko atera dituzte eta horietako hainbat ikastetxeetan egongo diren arren, edozein herritarrek erosi ahalko78 ditu 10 euroren truke bai Turismo Bulegoan eta baita Txokolateixan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak