Hamasei bat ibilgailurendako tokia izango duen disuasioko aparkalekua egiten dabiltza Oñatin, osasun zentroko aparkalekuaren ondoan dagoen espazioan. Argiteria jarriko dute, eta monitorizatu ere egingo dute, bertara joan aurretik tokirik dagoen edo ez ikusteko. "Obrak hasi dira, aurreko astean, eta helburua da izatea aparkaleku plaza gehiago, batez ere erdiguneko, Alde Zaharreko eta inguruko, aparkalekuak utzik mantentzeko", adierazi du Iñigo Ruiz Barronek, Oñatiko Udaleko Hirigintza batzordeburuak.
Turismo jasangarriaren testuinguruan ari dira egiten disuasio aparkaleku hori eta, hain zuzen ere, Europar Batasuneko Next Generation Funtsetik 200.000 euroko laguntza jaso zuen Udalak proiektua gauzatzeko. Herrira datozen bisitarien autoak herrigunetik ateratzea da aparkaleku berri honen helburua. Guztira, hamasei bat ibilgailurendako tokia egongo da aparkaleku horretan, eta autoa nahi beste denboran uzteko aukera. "Iraupen luzerako aparkaleku bat da, izan bertakoendako, kanpokoendako, langileendako edo egun pasa datorren turismo batendako".
Aparkalekuan argiteria jarriko dute, baita ibilgailu elektrikoendako gunea ere. Gainera, monitorizatuta egotea da asmoa; hau da, pantaila baten bitartez adieraztea aparkaleku horretan zein anbulatoriokoan autoa uzteko tokia dagoen edo ez. San Juan kaleko biribilgunean jarriko den panelean islatuko da informazio hori; semaforo bat izango du pantailak: "Bi parkingak monitorizatuko dira. Aprobetxatuko da obra hori biak batera egiteko. Helburua da azpitik jakitea, igo gabe, ea lekurik dagoen libre edo ez".
Hilabete pare bateko lana
Obrak hasi dituzte dagoeneko, eta hilabete pare bat iraungo dute. Bitarte horretan, eta obretako kamioien sartu-irteeretarako, mugatuta egongo da anbulatorio gaineko aparkalekua. Izan ere, parking horren luzapena izango da disuasioko aparkalekua, eta hori zeharkatuko dute obrako ibilgailuek. 26 aparkaleku kenduko dituzte eta libre geldituko diren besteak, hogei, desgaitasuna dutenek eta osasun zentroko zerbitzuetako langileek erabili ahal izango dituzte. Obren jakinarazpen-oharrak jarrita daude aparkalekuaren hasieran.