Inklusioaren eta kirol egokituaren topagune bilakatu zen Oñatiko plaza egubakoitzean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 3a, 14:37

Inklusioaren eta kirol egokituaren erdigune bilakatu zen Oñatiko plaza egubakoitz arratsaldean, Bizi Hadi kirol talde inklusiboko kideak bertan izan baitziren herritarrei proiektuaren berri ematen; besteak beste, dituzten baliabideak plazan ikusgai jarri zituzten.

Azaroan aurkeztu zuen taldea Bizi Hadik, eta egubakoitzean proiektua herritarrengana hurbiltzeko Oñatiko plazan izan ziren. Horretarako, Oñatiko plazara eraman zituzten euren egunerokotasunean kirola egiteko erabiltzen dituzten gurpildun aulkiak nahiz handbikeak herritarrek proba zitzaten, eta ikus zezaten zer suposatzen zuen eurendako kirola egiteak. Horrekin adin guztietako herritarrak sentsibilizatu nahi izan zituzten, eta haiei erakutsi, desgaitasun fisiko nahiz psikikoa dutenek ere kirola egin dezaketela.

"Nahi izan duguna da gaztetxoak eta nagusiak sentsibilizatzea, baina desgaitasuna duten pertsonen azalean jartzea eta ikustea ere nahi izan dugu. Alde batetik, zer suposatzen duen, zelako esfortzua den eurendako, baina baita erakustea posible dela kirola egitea desgaitasun ezberdinak edukita. Gainera, taldean dauzkagu desgaitasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonak eta guztiek lesio ezberdinak dituzte; orduan, abaniko handi bat daukagu non argi ikusten den kirola egin daitekeela", zioen Bizi Hadiko presidente Aitor Rementeriak.

Bizi Hadiko kideak ere gustura agertu ziren ekimenarekin, herritarrei aukera ematen dielako halako egun batek eurengana hurbildu eta proiektuari buruz nahiz kirol inklusiboari gehiago jakiteko. "Behintzat jendeak probatu dezala gure materiala. Askotan ikusten gaituzte eta, geratzen dira galdera ikur horrekin. Tramankulu horiek zer dira? edo, zelan egiten dute?", adierazi zuen taldeko kide Joseba Azkaratek. "Ahalik eta jende gehienak ikus dezala eta konturatu dadila kirola egiteko forma berezi edo ezberdina dagoela, eta ikusteko guk ere kirola egin dezakegula", gaineratu zuen Iñaki Igartua taldeko kideak.

'Gar' maskotaren aurkezpena

Hemendik aurrera, ekitaldi, hitzaldi nahiz txapelketetan lagun berria izango du Bizi Hadi taldeak, Gar maskota hain zuzen ere, eta egubakoitz arratsaldea aprobetxatu zuten maskota aurkezteko. Esanahi berezia duen aharia da Gar. Aharia da: "Gure armarrian ere agertzen da; azkenean, ahariak egiten duena da atzeraka joan bakarrik indarra hartzeko. Gu ere atzeraka joaten gara bakarrik indarra hartzeko. Gero, Gar berak esaten duen bezala, garra sutan jarri behar da eta jendeak horren beharra dauka aurrera jarraitzeko".

Egutegia ere nahiko betea du taldeak, eta datorren hitzordua martxoaren 29an daukate gehienek, Oñatiko Duatloian. Bazkidetza kanpaina ere abian daukate. Rementeriak adierazi du edonork egin dezakeela ekarpen ekonomikoa eta aportazio horiek baliabideak erostera bideratzen dituztela batik bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak