Laugarren porrota jarraian Aloñarendako: 0-4

Mireia Bikuña 2025ko mar. 1a, 19:35

Oñatiarrek porrot handia eta mingarria jaso dute Tolosaren aurka, eta, ondorioz, ezin izan dute azken asteetako bolada txarrarekin amaitu. Aloñak posizio delikatuan jarraitzen du taulan: hamaseigarren da, 21 punturekin.

 

Partidu hasieratik zaildu zaizkio gauzak Aloñari. Izan ere, 2. minutuan aurreratu da Tolosa. Zubillagaren golak erabat baldintzatu du norgehiagoka. Etxeko jokalariak urduri ipini dira, eta ez dira gai izan aparteko arriskurik sortzeko Iriarteren atearen aurrean.

Are gehiago, tolosarrak izan dira, oñatiarrek atzeko lerroan izan duten akats bat aprobetxatu dutenak, bigarren gola egiteko, 36. minutuan. Kolpe gogorra etxekoendako, baina ez azkena, atsedenaren aurretik. Izan are, 44. minutuan, Tolosaren aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta Azurzak ez dute hutsik egin. 0-3koarekin, lehia erabakita geratu da.

Bigarren zatian, nahi eta ezin ibili da Aloña Mendi. Baloiaren jabetza oñatiarrena izan da, baina, apenas sortu dute arriskurik. Ez dute errematerik egin Iriarteren atean.

Bigarren zatiko aipagarriena, Tolosaren laugarren gola izan da. Zipitriak lortu du 67. minutuan.

Mondrak eta UDAk galdu eta Bergarak berdindu

Aratuste asteburua izanda, Hirugarren mailako eta Ohorezko Erregional mailako partidu gehienak gaur jokatu dira. Mondrak galdu egin du Hernaniren zelaian 2-1 eta Bergaran etxean berdindu du (1-1) Elgoibarren kontra.

Hirugarren mailan Aretxabaleta puntu barik itzuli da Beasaindik (1-0).

Emakumezkoak

Ohorezko Erregional mailako Bergarak aise menderatu du Antiguoko. 4-0 irabazi du Mojategin jokatutako partidua. Mahoneroak indartsu jarraitzen dute sailkapenean: laugarren postuan, 42 punturekin.

Azkenik, Debagoiena Bailara taldeak atsedena izan du. Gorengo Mailatik Ohorezko Erregionalera igotzeko igoera faseko lehen jardunaldian ez dute partidurik jokatuko. Oriokoren kontra hasiko dute igoera hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak