Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta alderdi biek adostutako eta onartutako adierazpenean, bat egin dute Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin. Azken hiru hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman diren arren, bilakaera desorekatua izan dela jaso dute, eta gehitu oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez duela lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Berdintasunerako bide horretan, berdintasun politikak urte osoan zehar garatzeko konpromisoa badutela adierazi dute udal ordezkariek, Martxoaren 8a aldarrikapen eguna ere badela esan eta bakoitzak bere eremutik, tokitik, lana egin behar duela gaineratu.
Adierazpenean jaso dute bi alderdiek honako konpromiso hauek hartuko dituela Oñatiko Udalak, besteren artean: emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea, herritarren artean indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz eta zaintzaren inguruan estrategiak garatzean ikuspegi feminista txertatzea.
Oposizioari erantzuna
Galde erreguen tartean, alderdi jeltzaleak energia-merkaturatzailearen proiektuaren inguruan prentsa ohar bidez egindako “gardentasun” eskaerari erantzun zion alkateak atzoko osoko bilkuran. Alderdi jeltzaleak adierazi du astean "begi onez" ikusten duela "udalerrian sortutako energia oñatiarrek zuzenean kontsumitu ahal izatea helburu duen tokiko energiaren merkaturatze-proiektua", "1989an jeltzaleek bultzatutako bidearen bilakaera logikoa" dela diote, eta aurrerapauso moduan ulertu. Baina, parte-hartzea eta gardentasuna ez direla nahikoak izan gaineratu dute eta puntu batzuk argitzea “funtsezkoa" dela uste dute, lortutako diru kopuruak Udalean ze eragin izango dutenaz gain.
Izaro Elorza alkateak adierazi zuen "harriduraz" hartu dituztela prentsan irakurritako adierazpen horiek. Aipatu zuen Udal Gobernuak urteak daramatzala batzorde eta organo desberdinetan, oposizioa presente dagoenetan, Oñatiko merkaturatzailearen sorreraren inguruan berba egiten, eta aurreko agintalditik datorren egitasmo bat dela, gaineratuz jaso izan dutela horren inguruko informazioa, adibide moduan jarrita 2020an Goienerrekin gaiaren inguruan jasotako formazioan EAJ ere egon zela. Alkateak gaineratu zuen ordutik izan direla gaiaren inguruko bestelako komunikazioak batzorde eta organoetan, eta bideragarritasunari loturiko azterketa ere partekatu dutela oposizioarekin. Aurreko agintaldian aurkezturiko Oñatiko Energia Planaren ekintzetako bat merkaturatzaile propioa sortzearena zela ere esan zuen, publikoa zela asmo hori eta gardentasun faltari egindako kritika ez duela ulertzen gaineratu. Gehitu zuen gardentasuna "erdigunean" jarri dutela beti, energia bulegoa zabalik egonda, batzordeetan berba eginaz eta herritarrekin ere informazio-saioak izanez.
Elorzak gaineratu zuen osokoaren amaieran, kezka piztu zitzaiola “beste behin EAJk politika egiteko erabili duelako gaia", eta "argitu" zuen EH Bilduk "momentu batean ere ez duela hori bilatu". Gaineratu zuen koalizioa ez dela lehia horretan sartuko; orain arte bezala, indarrak prozesura bideratuko dituela, uste duelako onuragarria izango dela Oñatirendako eta oñatiarrendako; "herri proiektu bat delako". Gogora ekarri zuen, bestalde, herritarrek badutela aukera Oñatiko argindar merkaturatzailearen bidearekin bat egiteko eta online zein Bidebarrieta kaleko energia bulegora joanda egin dezaketela hori.