22.083.888 euroko aurrekontua onartu du Oñatiko udalbatzak

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 31a, 15:44

22 milioi euroko aurrekontua izango du Oñatik 2025erako, herritarrak erdigunean dituena, Udal Gobernuaren esanetan. Atzo egindako osoko bilkuran onartu zuten. Oposizioak aurkako bota eman zuen, “errepikatzen diren promesa hutsez” beteta dagoela argudiatuz. 

22.083.888 euroko aurrekontua aurkeztu du Oñatirako Udal Gobernuak eta horixe izango du herriak 2025ean, atzoko osoko bilkuran onartuta. Aurreko urteko Europar Batasuneko Next dirulaguntzen partida berezia kontutan hartu gabe, iazkoarekin alderatuta, %5,4eko handiagoa.

2,5 milioi inbertsioetarako

"Landutako aurrekontuak" direla dio Izaro Elorza alkateak; arduraz landutakoak eta beste urtebetez Udal Gobernuak legealdirako duen plangintzari erantzuten diona. Diru partidei begiratuta, zaintzari lotuta, %13 igoko da etxez etxeko laguntza, adibidez. Herriko 16 landa auzoetarako 300 mila euro pasako partida dago eta 400.000 euro Euskaltegia eta Txispistin zerbitzuen egoitzan hobekuntza lanak egiteko. Irisgarritasunerako, jai egunetatik kanpoko kultur programazioetarako zein tokiko merkataritzarako ere gorde dituzte diru partidak. Guztira 2,5 milioi euro izango dira inbertsioetarako, baina horien artean lanketa handiagoa eskatzen duten proiektuak ere badirela esan du Udal Gobernuak. Oposizoa, baina ez da iritzi berekoa; izan ere, EAJ-ko udal bozeramaile Amaia Erostarbek adierazi du "inbertsiorako eta herriak aurrera egin ahal izateko" ez dutela "apartekorik" ikusten.

Oposizioak sei ekarpen

Oposizioan dagoen EAJ-k sei ekarpen egin ditu udal aurrekontuan sartzeko baina bakarra txertatu du Udal Gobernuak: Eltzia pareko jolas gune ondoan heldulekua jartzea umeak errepidera joateko arriskua saihesteko. Herribusaren hirugarren lineari buruz, eskumena Aldundiarena dela erantzun du Gobernuak, ez duela egoki ikusten beste gimnasio bat Eltzian jartzea oinarrizko baldintzak ere ez dituelako betetzen, Kontzejupetik aldizkariaren gaztelerako bertsio digitala egitea ere ez duela egokia iruditzen euskararen normalizazioari egin diezaiokeen kaltea ikusiz eta ezta pantailak jartzea ere. Amaia Erostarbe Letamendi jeltzaleen bozeraileak nabarmendu gura izan du 1.500 euroko kostua izan dezakeen ekarpena baino ez dietela onartu eurei. Aurrekontu orokorrari buruz, ez dela "ez zehaztasunik ezta plangintzarik ere" ikusten esan du, eta "puztutako aurrekontua" dela gaineratu.

Kontzeptuek garrantzia

Udal Gobernuak baina, argi utzi gura izan du diru partidei baino, kontzeptuei begiratu behar zaiela, hau da, proiektu batzuk lanketa eta prozesu luzea eskatzen dutela baina horrek ez duela esan nahi aurrekontuan jasotako urtean ezer egin ez denik. Adibide moduan jarri dute, esaterako, unibertsitateko obrak. Ez direla aurreko urtean egin esan du oposizioak, eta Gobernuak erantzun lanketa bati esker 3 milioi euro lortu direla Europatik eta 300.000 euro jasota egon arren, askoz gehiago lortu direla. Udal Gobernuak gaineratu du eskuragarri dutela lantzen ari diren proiektuen informazioa eta azalpenak emateko gertu daudela. Aurrekontua bere osotasunean bozkatzeko orduan, aldeko botoa eman zuten Udal Gobernuak eta kontrakoa oposizioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak