Markesina berriak eta bestelako berrikuntzak Oñatiko autobus geltokietan

Txomin Madina Milikua 2025ko urt. 29a, 16:04

Udalak apurtuta zegoen Olakuako markesinetako bat aldatu du, baita Garibain eta Olabarrietan bi berri ipini ere. Olabarrietan gainera, autobus gidariek  geldialdia egin behar duten edo ez ikusteko sistema bat ere jarri dute.

Garraio publikoa erabiltzen duten oñatiarrak honezkero jabetuko ziren moduan, Lurraldebusen autobusek  geldialdia egiten duten herriko hainbat puntutan markesina berriak jarri ditu udalak azken asteotan. 

"Eskaera bat tarteko, Lurraldebuseko autobusek herrian dituzten geltokien egoerari buruzko azterketa bat egin genuen, markesinak zenbatetan falta diren jakiteko. Izan ere, trantsizio energetikoaren bueltan garraio publikoaren aldeko apustua egin behar da”, azaldu du Oñatiko Udaleko Zerbitzu eta Mugikortasun batzordeburu Xabier Igartuak.

Hala, Olakuan apurtuta zegoen markesinetako bat aldatu egin dute, eta beste bi jarri ere bai herriko bi auzo ezberdinetan: bat Olabarrieta auzoan, eta bestea, Garibain. "Olabarriaetan errepidearen alde batean bazegoen estalitako geltokia, baina ez bestean. Garibain, aldiz momentuz errepidearen alde batean bakarrik jarri dugu markesina, bestean lekurik ez dagoelako", zehaztu du Igartuak.

Oñatiko Udalaren asmoa da, era berean, 2025ean Zubillaga auzoan, Ulma Polimero lantegiaren inguruan dauden geralekuetan ere markesinak jartzea.

Autobusak geratzeko argia semaforoetan

Olabarrieta auzoan, bestalde, bestelako esku-hartzerik ere egin dute. Izan ere, eraikin batzuek arazoak eman izan dituzte autobus gidariek geltokietan jendea zain zegoen ala ez ikusi ahal izateko. Hori horrela, auzoko markesina bakoitzean botoi bana jarri dute: erabiltzaileek botoi horiei emanda, errepideko semaforoan argi urdin bat piztuko da eta autobus gidariak jakin ahalko du jendea zain dagoela

Orain arte jarri diren markesina berriek eta autobus gidariak ohartarazteko sistemak 17.000 euroko aurrekontua izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak