Obra eta Zerbitzuetako batzordeburu Xabier Igartuak azaldu du azken urteetan "txarrera" egin duela putzuaren eta inguruaren egoerak: "Azkenaldian, putzua ur barik geratzen da batzuetan, arratoiekin ere izan ditugu arazoak… irtenbide bat eman beharra aipatu izan da auzotarren artean eta baita orokorrean ere".
Bi gune
Hori dela eta, duela agintaldi batzuk egindako proiektu bat berreskuratu, oinarri moduan hartu eta auzotarrekin -San Andres kooperatibako ordezkaritza batekin- partekatu dute. Proiektu hark ura barnebiltzen zuen baina, hainbatetan "arazo iturri" zela kontuan izanik, erabaki dute putzua desagerrarazi eta eremu berdea zabaldu eta aprobetxatzea: "Ura hodien bitartez bideratu nahi da eta urmaela lurrez bete, maila diferenteak sortuz. Maila desberdinetan egongo diren eserlekuek anfiteatroa sortuko dute alde batean, zubia teloi bezala edukiz, eta beste aldeko espazioan landare eta zuhaixka desberdinak landatuko dira. Udan itzala izango da gune horretan eta neguan -zuhaitzen hostorik gabe- eguzkipean egoteko gune atsegina izango da".
"Auzotarrek helarazitako nahia aintzat hartuta", zubiari eutsi egingo diote. Horrez gain, espazioa kirol pistak dauden eremuarekin bateratuko dute; eta sarbide gehigarri bat ipiniko dute, malda batzuekin, irisgarri izan dadin mutur batetik bestera joatea.
Izarraitzpe Lorezaintza SLL enpresak egin du espazioaren aurreproiektua. Eremu osoaren hedadura 1.325 metro koadro da.
100.000 euroko aurrekontua
Aurreikuspenen arabera, eguenean egingo duten osoko bilkuran onartuko dituzte 2025erako aurrekontuak eta horietan jasota dago proiektua exekutatzeko diru-partida: 100.000 euro. Lanen iraupena hilabete eta erdi-bi hilabete ingurukoa izango da eta asmoa da ekain hasieran ospatuko dituzten auzoko jaietarako amaituta egotea. Xabier Igartuak argitu du, ordea, ordurako bukatzeko aukerarik ikusi ezean, ez dituztela lanak hasiko jaiak igaro ostera arte. Lizitazioaren denboraren arabera hartuko dute erabakia.