Kepa Lopez Lasak, 19 urteko oñatiarrak, estreinaldi eguna izan du gaurkoan, lehenengo aldiz aritu baita jendaurrean zuzendari lanetan, Allegro Vivo musika bandak Oñatiko Santa Ana antzokian eginiko kontzertua gidatu baitu. "Hasieran urduritasun apur bat nuen, baina sentsazio oso onak izan ditut, kontzertua oso ondo atera baita; lehenengo aldia izan da bandarekin, eta, horrez gain, nire lehen kontzertu ofiziala izan da".
Lopez, hain zuzen ere, perkusio ikasketak egiten dabil seigarren –eta azkeneko– mailan Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, baina zuzendaritzan zentratu nahi ditu ikasketak, goi mailakoa egin ahal izateko Musikenen. Bada, horregatik egin du musika banda bat sortzeko hautua, bera baita Allegro Vivoren sorreraren atzean dagoena: "Zuzendari hasiberriok-eta ez daukagu aukerarik formazioak zuzentzeko, eta, orduan, otu zitzaidan zerbait egitea kontserbatorioko lagunekin zuzendari aritzeko. Jendea fitxatzen hasi nintzen, eta horrela sortu genuen banda". Bandara batzeko proposamena egin zion han-hemenka ezagututako jendeari ere, falta zitzaizkien instrumentuak gogoan izanda, eta, hala, 27 musikariz osatuta dago gaur-gaurkoz.
Musika banda bat hutsetik sortzea, ordea, ez da ardura makala, eta oñatiarrak aitortu du lan asko egin behar izan duela: "Lehen aldia denez formazio bat zuzentzen, entseguak kudeatzen ikasi behar izan dut, nire ardurapean baitaude; azkenean, ni bakarrik nabil hau dena antolatzen. Estres handia da, baina, tira, egin dugu eta aurrera atera dugu kontzertua".
Kontzertua "berezia"
Hiru poema sinfoniko izan dira gaurko kontzertuan protagonista: Lepanto 1571 eta La ruta del Cid, David Rivas konpositorearenak, eta Artorius Rex (Arturo Erregea), Pedro Bonillo Ortegarena. Hain zuzen ere, emanaldian izan da Bonillo, Jaenen (Espainia) jaiotako 23 urteko gaztea, eta Lopezek adierazi du horrek ere "berezia" egin duela kontzertua, Oñatin estreinatu baita Bonilloren obra.
Gaurkoaren ondoren, gerora begirakoei dagokienez, Allegro Vivo musika bandak kontzertu gehiago egingo dituela iragarri du Lopezek: "Ez dira Oñatin izango, baina Euskal Herrian, bai".