Musikaz betea. Halakoxea izan zen atzo iluntzean Oñatiko Pake Lekuko areto nagusian egindako ekitaldia: elkarteko korua kantuan, Ainhoa Galdosen piano doinuek lagunduta. Eta ezin zitekeen bestela izan, helburua musikari lotuta bizi izandako Migel Mari Guridi Txome-ri aitortza egitea zela kontuan izanik. Zaila izango zela uste izan arren, duda asko barik ibili direla kontatu zuen Pake Lekuko presidente Begoña Urrestarazuk.
Araotzeko Txomena baserrian jaioa, Miguel Mari Guridi Txome eskusoinuarekin irudikatzen dute askok, aurrez, musika bandan, perkusioa jo bazuen ere. Ez da falta izan Pake Leku elkartean antolatutako dantzaldi eta kantaldietan, eta Olakuako Santa Ageda koruari laguntzen eta beste zenbait ospakizunetan ere ibili izan da urteetan. Araotzen bertan egin zituen lehen pausoak, erromeria batean, eta 16 urterekin jo zuen ezkontza batean; harrezkero ez du soinua utzi. Musika eta harekin hain lotuta doan dantza oso garrantzitsuak izan dira bere bizitzan.
Txome-rentzako Pake Leku elkartearen 2024ko Boluntariotza Saria, beraz. Plaka bat eman zioten opari, Iñaki Jauregialtzo Jaltzo herriko artisauak egindakoa, eta soinujole baten irudia eta Pake Lekuko eskertza jasotzen dituena.