22 milioiko aurrekontua esku artean 2025erako

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko abe. 19a, 12:20

2,5 milioi euro inguru aurreikusten ditu inbertsioetarako, eta egiteko asmoa duen proiektuen artean daude Euskaltegia eta Txipistin dauden egoitzaren obrak, Olakuako urmaelaren birgaitzea eta herriko plaza eta inguruko espazioa egokitzea.

Datorren urteko aurrekontuak ere "herri programa oinarri" hartuta landu dituela adierazi du Udal Gobernuak, 2025eko aurrekontu-proposamena egiterakoan. "Betiere, herritarren beharrei erantzuteko eta inor atzean ez uzteko", Izaro Elorza Arregi alkateak gaineratu duenez.

Egonkortasun ekonomikoa

Udaleko kontu-hartzailearen berrespena falta du aurrekontuen txostenak, baina Udal Gobernuaren aurreikuspena da 22 milioi ingurukoa izatea. "Egia da joan den urtekoarekin alderatuta %4,5 txikiagoa dela, baina ezohiko egoera bat genuen orduan, Europako Next Funtsetik jasotako 2,16 milioi. Horiek kenduta, %5eko igoera izango genuke", azaldu du alkateak.

Aurrekontu horretatik, 2,5 milioi euro inguru aurreikusten dituzte inbertsioetarako. "Ohi bezala, Oñatiren eta gizartearen beharrei behar moduko erantzuna ematera bideraturiko proiektuak proposatzen ditu EH Bilduren Udal Gobernuak. Orain arte egin dugun bezala, inor bazterrean utziko ez duen proposamena landu dugu, merezi dugun herria egiten jarraitzea ahalbidetuko duena, bidezkoa, berdinetik berdinerakoa, anitza, oinarrizko beharrak erdigunean dituena, iraunkorra...". Era berean, Udalak egonkortasun ekonomikoa izaten segiko lukeela gaineratu du Ogasuneko batzordeburu Xabier Igartua Loidik. "Sarreren eta gastuen arteko balantzean ia bi milioi euroko aurrezki arrunt garbia aurreikusten dugu, eta horrek beste urtebetez bermatuko dio egonkortasun ekonomikoa Udalari".

Inbertsioetarako 2,5 milioi

Datorren urterako Udal Gobernuak esku artean dituen lan-ildo garrantzitsuenen artean, zaintza aipatu du alkateak: "Indartu egingo dugu, %11ko igoerarekin, baina zaintzaren ereduaren in- guruko hausnarketarekin eta lanketarekin ere hasiko gara". Etxebizitza plan bat egitea ere badute buruan, eta harrera plana ere abiaraziko dute, diagnosi bat eginez. Energia jasangarria, irisgarritasuna eta Elikadura Mahaia ere zerrendan sartuta ditu Udal Gobernuak.

Egiteko asmoa duen inbertsioen barruan, hauek daude: Euskaltegia eta Txipistin dauden egoitzako obrak –400.000 euro–, Emakume Etxearen barruko obra, unibertsitate zaharraren eraberritzea Aldundiarekin batera, Olakuako putzua birgaitzea –75.000 euro–, herriko plazan eta plaza inguruko espazioan egingo den plan integrala –420.000 euro– eta lan- da-auzoen dirulaguntza eta inbertsioak –300.000 euro–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak