20 urtetan egindako ibilbidea “oparoa” izan dela dio ULMAko Lehendakari Ibon Calvok, eta lan munduak euskarak duen presentzia handitzeko lanean ari direla aitortu du. Ekitaldian jakinarazi dutenez, euskarak ULMAn izan duen erabilerak gora egin du azken bi hamarkadetan. Izan ere, 2008an, euskaraz ulertzen zutenak %84a ziren ULMAn; 2023an, aldiz, %95ak ulertzen zuen. Ahozko erabilerari dagokionez, berriz, 2008an %52koa zen, eta, iaz 10 puntu gehiagokoa (%62koa). 2004an, batzar informatiboen %4a soilik egiten zen euskaraz, eta, aurten, bilera horien %40a egin da euskaraz. Batzar Nagusiei dagokionez, berriz, duela 20 urte, hitz egiten zenaren %7 egiten zen euskaraz; eta, gaur egungoetan %76a egin da euskaraz. Hori horrela, euskara ULMAren ardatz dela azpimarratu du Calvok: "Euskara beti izan da ardatz ULMA taldean. Gure politiketako bat da euskara politika eta euskara bultzatzea, eta gaurko saioan ikusi dugun bezala, militantzia batetik hasi zen, jendeak sentitzen zuen hortatik. Labur esateko, 20 urte hauetan gure lan egiteko eran txertatzen joan garen zerbait dela esango nuke; sistematizatzen eta gure egiteko erak normalizatzen".
Udal ordezkariak ere izan dira ekitaldian, eta Hezkuntza eta Euskara batzordekide den Iñaki Olaldek nabarmendu du ULMAk euskararekiko duen konpromisoa: "Neurri batean herritik sortu den kooperatiba bat izanda, guretzat oso garrantzitsua da. Ezinbestekoa izango litzateke enpresek horrelako euskara planak izatea. Gainera, bertako kideek giro hori etxera transmititzen dute; horrek eragiten du gure herrian euskararen erabileraren gaineko datuak direnak izatea, horrelako ekintzek asko laguntzen eta aberasten dutelako".
Euskararen eguna dela aprobetxatuta, Kontrapas proiektua aurkeztu du ULMAk, bertako 280 langile baino gehiago bildu dituen ikus-entzunezkoa. Ekitaldiarekin amaitzeko, Eñaut Elorrietak bost abestiz osatutako emanaldi bat eskaini die bertaratuei.
Etorkizunerako erronkak
Iraganaz jardun dute, orainaz ere bai, baina etorkizunean ULMAk euskararekiko dituen erronkez ere mintzatu da Calvo: "Nahi duguna da hizkuntza politika txertatzea gure sistema barruan, negozioko gaiei edo gai exekutiboei egiten zaien kudeaketa jarraipen berdina egitea. Hori da gaur egun mahai gainean duguna eta lantzen ari garena hurrengo urteei begira".