Elikadura mahaia sortzeko bidea hasi dute Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko aza. 27a, 14:12

Oñatiko Elikadura Mahaia sortu gura du herritar talde batek eta gaiari buruzko jardunaldi ireki batzuk antolatu ditu abendurako. Elikadurari buruzko interesa edo kezka duten herritarrak gonbidatu gura dituzte proiektura batzeko.

Oñatiko Elikadura Mahaia sortzeko ekimena jarri du martxan herritar talde batek eta horren berri emateko prentsa agerraldia egin zuten atzo iluntzean. Abendurako antolatu dituzten jardunaldien jakinarazpena ere egin zuten eta ekimenera batzeko gonbidapena egin gaiarekin bat egiten duten herritarrei.

Herritarrak batzeko deia

Elikadurak duen garrantzia mahai gainean jarri eta tokiko elikadura jasangarriaren erronkari heltzeko beharra ikusita hasi da gaia lantzen herritar talde bat. "Erronka honek baditu hainbat erronka bere barruan. Guztiak dira garrantzitsuak. Tokikoa izatea, agroekologikoa, osasuntsua, duina, kontzientziaz landurikoa, iraunkorra… Esan moduan, askotarikoak dira erronkak, eta garrantzitsua da horiek guztiak mahai gaineratzea. Gure aletxoa jarri gura dugu horretan. Hausnarketa eta erronka horiekin batu gara hainbat herritar azken hilabeteetan Oñatiko Udalaren bide-laguntzarekin. Eta, orain, uste dugu urrats berria egiteko unea dela, hausnartzeko gaiak herriratzekoa, sentsibilizazioan eragitekoa, saretzekoa, zerbait sortzekoa..." azaldu zuten martitzen iluntzean zinema-aretoan egindako agerraldian.

Proiektu hori martxan jartzeko egin gura duten bide horretan, elikaduraren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte abendurako eta zinema-aretoan izango diren ekitaldi ireki horiek aprobetxatu gura dituzte gaia erdigunean jartzeko eta herritarren artean ere euren proiektua zabaltzen hasteko. "Herrian badago elikaduraren inguruko kezkak dituzten bizilagunak, erpin asko dituen gaia da eta. Jardunaldi hauek interesgarriak izan daitezke herritar horiek erakartzeko eta adierazteko elikadura mahaia sortzera goazela eta proiektu honetan ondoan nahi ditugula", azaldu du aurkezpenaren ostean, sortu berria den elikadura taldeko kide den Aitzol Gandiaga Congetek.

Urte osoko prozesua

Oñatiko Elikadura Mahaia sortzea da abiapuntua, eta oraindik ezin dute zehaztu proiektuak hartuko duen forma zein den. "Badaude honen inguruko ereduak inguruko herrietan, Bergaran adibidez, baina hau sortze prozesu bat da. Ez dakigu zer izango den gero, sorrera bakarrik da. Pentsatzen dugu urte osoa iraungo duela prozesuak, sortuko den elikadura mahai hori egonkortzeko bakarrik bada ere, baina oraindik taldeak zein dinamika hartuko duen ezin dugu esan. Urtarrilean hasiko gara batzen eta dinamikak berak hartuko du bere martxa. Orain nahi duguna da sortzen hastea", argitu du Gandiagak.

Oñatiko Udalak duela pare bat urte atera zuen ingurumen beka baten bitartez, herriko elikadura sistema aztertu eta berau agroekologiaren bidean indartzeko urrats berriak proposatzeko egindako ikerketaren aurkezpena egin zuten ikerlariek. Egindako lanarekin ateratako ondorioetako lau ziren elikadura mahaia sortzea, sentsibilizazioan eragitea, topagunea moduko bat egitea eta nekazaritza testei ekitea, eta hori ere izan da proiektu honen aurrekari, tokiko elikadura jasangarriaren erroka lantzearekin batera. Herritarrak batu gura dituzte orain proiektura eta ideiak bidea eta forma hartu ahala jakinaraziko dute zein puntutan dagoen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak