Eurekin batera, oholtza gainean izan zen Txarrana txorimaloa ere: ipuinetako bateko protagonista bera izanik, Atzeko kaleko jai batzordeari aurkezpenera etortzen uzteko eskatu ziotela kontatu zuen Igartuak aurkezpenean. "Datorren urtean Atzeko kaleko jaiek 100 urte beteko dituzte, gainera, eta ipuin bat badute, gutxienez", gehitu zuen, Goiena telebistako mikrofono aurrean.
Lehen ipuin hori Izar eta Urdin seme-alabak txikiak zirenean idatzi zuela kontatu zuen eta bazuela buruan argitaratzeko ideia, baina haurrei zuzendutakoak izanik, nagusiki, ilustrazioak botatzen zituela faltan. Hala, aurten etorri zaio burura diseinu ikasketak egiten dabilen alabari proposamena luzatzea; eta hark baietz, gustura egingo zuela erantzun.
Nor bere esparruan -ama, hitzekin; eta alaba, marrazkiekin- baina elkarrekin aritzea esperientzia oso polita izan dela azaldu zuten biek eta oso ondo moldatu direla gaineratu zuten.
Ilustrazioen alorrean izandako lehen esperientzia izan da hau Izar Mendiolarentzat eta gustura geratu dela kontatu zuen: "Amarekin aritu izanak erraztu egin ditu gauzak. Zalantzak galdetu edota iritziak eskatu ahal izan dizkiogu elkarri, eta amak askatasun osoz lan egiten utzi dit. Gainera, lortu dut nahi nuena ondo adierazteko bide eman didan estilo bat aurkitzea -sinpletasunetik, fondo zuria erabiliz...- eta gustura nago".
'Feedback'-a jasotzeko irrikaz
Pozik geratu ziren aurkezpenarekin berarekin ere: senitarteko, lagun eta herrikide asko elkartu ziren eta gehienak etxeratu ziren ipuinekin: 70 ale eraman zituzten; eta 50 inguru, saldu. Haurrei gustatzeak sekulako ilusioa egingo liekeela kontatu zuten -nahiz eta helduek irakurtzeko modukoak ere badiren- eta feedback-a jasotzeko irrikaz daudela orain.
Eurekin harremanetan jarrita eskuratu daitezke ipuinak edo herriko Haritza, Ibarrondo, Altuna, Trikitx eta Hirukar liburu-dendetan erosi, hamabina eurotan.
Oñatin kokatutako fikziozko bi lanon ondotik besterik etorriko den galdetuta, ideia batzuk izan badituela aurreratu zuen Lukene Igartuak.