Duela hamabost urte, Txorimaloarena ipuina idatzi zuen Lukene Igartuak, eta Haitzeko zuloarena-ren hasiera ere bai. Kaxoi batean gorde zituen eta han egon ziren 2024 hasierara arte. Urte berrirako asmo berri moduan, alaba Izarri marrazkiak egiteko proposatu zion. Elkarrekin hasitako abentura hori heldu da helmugara: gaur aurkeztuko dituzte bi ipuinak, Oñatiko zinema-aretoan, 18:00etan. "Esperientzia bikaina izan da. Nik idatzitakoari Izarrek irudiak jartzea amets hutsa izan da", esan du Igartuak. Mendiolak hau gaineratu du: "Nire lehen proiektu editoriala izan da unibertsitatetik kanpo, eta familian egin izanak ilusioa egin dit. Amarekin batera lan egiteak asko erraztu dit bidea".
Idazketa tailerrean
Azken urteetan, udal liburutegiak antolatutako idazketa tailerrean parte hartu du Igartuak. Horrek
aukera eman dio duela hamabost urte idatzitako testua garbitzeko eta borobiltzeko. "Hitz bakoitzak duen garrantziaz mintzatzen zaigu Joxemari Iturralde idazlea. Esango nuke tailer horrek ere bultzatu duela proiektu hau", azpimarratu du.
Marrazkiak egiteko orduan, eta bi ipuinak bilduma berekoak direla argi ikusteko, estilo zehatz bat erabili du Mendiolak: "Kolore planoak erabiltzen ditut, gehienbat, testurazko xehetasunekin eta batzuetan ingerada erabiliz. Dena dela, bi ipuinetako ilustrazioak nahiko ezberdinak dira, Txorimaloarena-rako marrazki dinamiko eta koloretsuak sortu ditut; Haitzeko zuloarena-rako berriz, naturari eta paisaiari eman diet lehentasuna".
Aitzulo eta txorimaloak
Oñatin oso esanguratsuek diren Aitzulo eta txorimaloak dira ipuinetako protagonistak. "Izar txorimaloekin ibiltzen zen garaian sortutakoa da Txorimaloarena ipuina. Oñatiko umeek oso gustuko dituzte Atzeko kaleko txorimaloak. Bestalde, Aitzulo oñatiar guztiok ezagutzen dugu, eta garai bateko ipuinaren itxura emanda, naturak eta pertsonek duten harremanean erreparatu gura izan dugu".
Irakurle hasiberriendako
Igartuak eta Mendiolak publikatu dituzten bi ipuinak irakurle hasiberriendako dira. Haurrek
irakurtzeko liburuak, alegia, baina, ere berean, gurasoek haurrei kontatzeko aproposak direla ere uste dute. "Txorimaloarena txikienentzako ipuina da, testu gutxiago du eta ulerterrazagoa da. Haitzeko zuloarena iraganeko garai eta testuinguru batean kokatzen da; beraz, baliteke azalpen gehigarri
bat behar izatea. Gainera, ipuin zabalagoa da testuari dagokionez. Kasu horretan, gurasoek kontatzeko aproposa izan daiteke", uste dute ama-alabek.
"Gogotsu eta urduri"
Hainbat hilabetetako lanaren ostean, heldu da emaitza erakusteko unea. Gogotsu bezain urduri daude. "Oso hunkigarria da elkarrekin sortutako ipuinak esku artean izatea. Izar eta bere anaia Urdin txikiak zirenean kontatu nahi nizkien ipuinak direla esan dezakegu, eta horrek asko betetzen gaitu".