Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtero egiten ditu odol emaileak aitortzeko ekitaldiak zenbait herritan, eta, oraingoan, Oñatin izan da, hainbat alditan odola eman duten hamar oñatiar omendu baitituzte. "Xumea izan da omenaldia; aitortza egiteko era bat besterik ez da. Azken finean, eurak erreferente dira guretako, baina baita beste odol emaile batzuentzako eta herritarrentzako ere", adierazi du Axun Leibarrek, Oñatiko odol emaileen taldeko kideak.
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean egin zuten atzo ekitaldia, eta Xabier Agirre, Juana Agirre, Saioa Etxaniz eta Ana Maria Zabarte izan dira, hain zuzen ere, omendutako lau herritar, 25 aldiz eman baitute odola 2023ra arte –zehazki, ordura arteko datuak hartzen baitira gogoan ekitaldi honetan–; Miren Arantzazu Muruak eta Maria Carmen Urzelaik, berriz, odola 40 aldiz emateagatik jaso dute aitortza. Horrez gainera, Juan Antonio Martinek 50 aldiz eman du; Beatriz Igartuak, 60 aldiz; Juan Jose Ugartek, 75 aldiz; eta Jose Antonio Pardok, 100 aldiz. "Hamar omenduetatik sei emakumeak dira, eta hori ez da normalena izaten, emakumeok arazo gehiago izaten ditugulako odola emateko", erantsi du Leibarrek, azalduta andreek hiru aldiz eman dezaketela odola urtean eta gizonezkoek, aldiz, lautan.
Lekukoaren beharra
Leibarren hitzetan, "beti" dago odol emaileen beharra, eta, horrenbestez, odol emaile berriak lortzeko nahia dute: "Jendea aurrera doa adinean, jubilatzen doaz, eta horren ordezkoak sartu behar dira: orduan, belaunaldiz-belaunaldi hornitu behar dugu". Iaz, esate baterako, 31 odol emaile berri erdietsi zituzten Oñatin.