Gaur goizean Arantzazun aurkeztu du Ulma taldeak Ondarea proiektua, Arantzazuko Gandiaga aretoan, proiektuaren protagonisten, kooperatibako organoetako ordezkarien, erretiratuen eta Oñatiko alkate Izaro Elorzaren eta Otxandioko alkate Egoitz Garmendiaren aurrean; denera, 160 lagunetik gora. Kooperatibaren 60 urte baino gehiagoko ibilbidea jasotzen du, protagonisten ahotsekin, eta, horretarako, hamarkadaka banatutako seina liburu eta ikus-entzunezko sortu dituzte. Xabier Perez kazetariak gidatutako aurkezpenean, Ulmako egungo presidente Ibon Calvok hartu du hitza, eta ohorean, erantzukizunean eta elkarlanean jarri zuen ardatza.
Etorkizuna du helburu proiektuak, Ondarea-ri esker etorkizuneko belaunaldiendako geratuko den istorioa utziko baitute. "Ulman lan egiten dugunok erantzukizuna daukagu proiektua zaindu eta etorkizuneko langileei erakusteko. Kontziente gara iraganean lan egin dutenek ere gauza bera egin dutela. Legatu kontua da gurea", azaldu du Calvok.
Bi urte pasa dituzte Ondarea garatzen, eta, dokumentala ikusi aurretik, protagonistekin solasaldiak egin dituzte; atal bakoitzeko bat. Hala, proiektuarendako sortu duten webgunean jarriko dituzte ikusgai ikus-entzunezkoak eta idatziak.
Omenaldiak
Ekitaldiaren amaieran, Ulma Taldeak bere historian izan dituen lehendakari guztiak eta Oñatiko alkate Izaro Elorza eta Otxandioko Egoitz Garmendia alkatea omendu zituzten, kooperatibari berari eta jarduera garatzen duten inguruneari keinu eginda.