Joxepo Teres: "Perretxiko-zale asko dago, eta mikologo gutxi"

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko aza. 7a, 09:17

Joxepo Teres Izkierdo.

Onddoek biodibertsitatean duten garrantziaz egingo du berba Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Gandiaga Topagunean, bihar, zapatua, Arantzazuko XI. miko-poteo jardunaldietan. Autobusa egongo da doan.

Arantzazuko XI. miko-poteo jardunaldiak egingo dituzte zapatuan, azaroaren 9an. Onddoen inguruko hitzaldia egingo du Joxepo Teres Izkierdo (Donostia, 1957) mikologoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Onddoak biodibertsitatearen giltzarri da hitzaldiaren izena.

Zenbaterainoko garrantzia dute onddoek biodibertsitatean?

Izugarria. Bi funtzio nagusi dituzte: bata da deskonposatzaileak direla; hau da, edozein material organiko deuseztatzeko gai dira, izan egurra, hezurrak edo hostoak, batzuk aipatzearren. Onddo barik, zabortegi bihurtuko lirateke basoak eta inguruak. Bigarren funtzioa da bizidun mutualistak direla. Horrek esan gura du beste bizidun batekin sinbiosia sortzen dutela; landareekin eta pagoekin, adibidez. Harreman edo sinbiosi hori barik, landareak ahuldu egingo lirateke. Sinbiosi horrekin biek irabazten dute, landareek zein onddoek. Badira ikerketak hori egiaztatzen dutenak.

Normalean, baina, onak edo txarrak diren jakiteko begiratzen diegu.

Bai. Garai batean, egiten ziren erakusketak bereizketa hori egiteko eta dauden perretxiko motak bereizteko. Hori gaindituta dago egun eta ez dago horren beharrik. Egia da, baina, perretxiko-zale asko dagoela, eta mikologo gutxi. Jatera mugatzen da, askotan, ezagutza, eta zaleak egotea ondo dago, baina zientzialariak ere behar ditugu; ikertu eta onddoen ezaugarriak jakin nahi dituen jendea, alegia.

Bitartean, baina, udazkenean sartuta, eguraldiari begira jendea: euria, tenperatura...

Sasoia izaten da hau perretxikotara joateko, bai, eta egia da aurten gutxi dagoela eta ez dakigula horren zergatia zein izan daitekeen. Hezetasun handia dago, tenperaturan ez da aparteko anomaliarik egon, baina aurten ez dago ale askorik. Hori ere ikertu egin beharko litzateke. Oraindik badago deskubritu gabeko zerbait horrelako egoerak ulertzen lagunduko ligukeena, eta ez dakigu zer den.

Aholkurik baduzu perretxiko bila joaten direnendako?

Jarrera egokian jarduteko. Ondo dago mendi buelta bat eginaz perretxikoak batzea, baina neurrian, ez dago ikusten diren denak batu beharrik.

 

Autobusa doan egongo da

Arantzazuko XI. miko-poteo jardunaldiko hitzaldia 17:30ean hasiko da, Gandiaga Topagunean. 18:45 aldera amaituko da, eta 19:00etan, Arantzazuko gastronomia zirkuituan barrena miko-poteo ibilbidea hasiko da: ZelaiZabaletik Iraipe Arantzazuko Santutegia Hotelera, eta handik Goiko-Benta eta Sindikara. Miko-pintxo bakoitzak 1,5 euroko prezioa izango du, eta edaria ostatubakoitzaren prezioen araberakoa izango da.

Aurten, doako autobus zerbitzua egongo da Oñatitik Arantzazuraino. Autobusa ordu erdian behin abiatuko da postetxe aurreko geltokitik. Lehenengo autobusa 16:45ean irtengo da; 18:45etik aurrera, bi geldialdi egingo ditu Arantzazun, bat Zelai-Zabaljatetxean eta bestea Santutegiko autobus geltokian. Itzulerako azken autobusa 21:45ean irtengo da Santutegitik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak