Maider Arregik lortu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekora sailkatzea

Hasier Larrea 2024ko aza. 3a, 19:57

Oñatiarra bigarren geratu da Tolosako kanporaketan, Elustondoren atzetik, eta Arrasaten kantatuko du abenduaren 1ean. Aitor Tatiegi herrikidea seigarren geratu da gaurko saioan, eta sariketatik kanpo geratu da; baita Haizea Arana ere.

Tolosako Leidor antzokia bertsozalez blai agertu da gaur, azken finalaurrekoa jarraitzeko gogotsu. Oñatiar asko zeuden ikusleen artean, haien bi herrikide gazteak animatzen. Maider Arregik eta Aitor Tatiegik Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor, Jon Gurrutxaga eta Nerea Elustondorekin batera abestu dute.

Saioa amaitzearekin bat jakinarazi du Igotz Alkorta gai-jartzaileak finalaurrekoetan abestuko duten 18 bertsolarien izenak. Tartean zegoen Maider Arregirena. Nerea Elustondoren ostean puntuaziorik onena jaso du gaurko saioan. Hala, finalerdietan egongo den debagoiendar bakarra izango da, Aitor Tatiegik eta Haizea Aranak ez baitute sailkatzerik lortu. Gaur bezala, babes handia jasoko du saio horretan, abenduaren 1ean Arrasaten kantatzea egokitu baitzaio.

Saioa bukatzean, Arregik Goienako kamera aurrean adierazi du oso pozik zegoela sailkatu izanagatik: "Kosta zait hasieran bertsoak borobiltzea, baina berotu ahala gero eta gusturago sentitu naiz". Txanponaren beste aldean, Aitor Tatiegi: "Ez dut saio hona burutu eta orain beste aldetik jarraituko dugu txapelketa; badakigu ondo nori eman animoak".

Gainera, biek azpimarratu dute orain arteko kanporaketetan saio berean abestea tokatu zaiela, baina gaurkoa izan dela lehen aldia bertsoak bata besteari botatzeko aukera izan dutena. Ofizioka izan da, zortziko txikian. Haien esanetan, ondo moldatu dira aurrez aurre. Umorez jardun dute, Arregi Tatiegiren musika irakasle rolean; haren musika taldearen kontzertua ikustera joan da eta ez omen zaio batere gustatu. Ilusioz joan zaio Aitor kontzertu ostean, baina Maiderrek ez du gupidarik izan. 

Datorren asteburuan etena izango du txapelketak eta azaroaren 17an itzuliko da, Oiartzunen. Arrasatekoa hirugarren eta azken kanporaketa izango da, esan, bezala, abenduaren 1ean. Hango saioko bertsolarietako bat izango da Maider Arregi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak