Zentzuekin gozatzeko izenpean, 2024-2025 ikasturteko kontzertu denboraldiaren berri eman du Oñatiko Musika Bandak, eta sei emanaldi izango direla azaldu du, "profil ezberdinetako ikus-entzuleak erakartzeko asmoarekin", baina, batik bat, "haurrak eta gazteak: alegia, etorkizuneko publikoa".
Kontzertuei dagokienez, azaroaren 24an izango da lehendabizikoa, Entzun klasikoak izenpean, eta Oñatiko Musika Bandarekin batera arituko dira Aita Madina txistulari taldeko kideak; abenduaren 22an, berriz, Hator Hator 2024 kontzertua izango da pilotalekuan, eta herriko kultur taldeek eta Oñatiko Banda Gazteak hartuko dute parte emanaldian. Urtarrilaren 6an egingo da denboraldiko hirugarren kontzertua, Dastatu ametsak izenpean.
Zehaztu gabeko datak
Martxoan egingo da hurrengo emanaldia, Ukitu musika izenburupean, eta pedagogikoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek, Oñatiko Banda Gaztea, Potx eta Izaskun pailazoak, eta Musika Eskolako ikasleak lagun izanik. Apirilean, berriz, Ikusi far west ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, eta ekainean, azkenik, Mugitu pop-rock emanaldiaz.
Emanaldi horiek guztiak Zubikoako pilotalekuan egingo dira 13:00etan, eta doakoak izango dira bi izan ezik: urtarrilaren 6koak eta martxokoak, hain justu, 2 euroko prezioa izango dute.