Aukera askorik gabeko partidua izan da, eta horrelakoetan bi areatan onena izaten denak lortzen ditu hiru puntuak etxera eramatea. Aloña saiatu egin da partidu guztian zehar, baina ez dute lortu kanpokoen atea zulatzea.
Lehenengo zatia parekatua izan da, eta Aloñak izan ditu markagailuan aurreratzeko aukerak, baina kanpokoen atezaina fin ibili da txantxikuarren abaguneak gelditzeko orduan. Gainontzean, zelai erdiko joko askokoak izan dira aurreneko berrogeita bostak, nagusitasun garbirik gabe, eta hortaz, huts eta hutsekoarekin joan dira bi taldeak atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan gogortu egin da partidua, baina Anaitasunak baloiaren jabetzari eutsita erritmo bizia ezarri dio partiduari. Aukera garbiena Ander Patrianek izan du azkoitiarrentzat, baina haren burukadak langan jo du eta oñatiarren defentsak lortu du baloia areatik urruntzea. Hala ere, estutzen jarraitu dute kanpokoek, eta partidua berdinketan amaitu zitekeela zirudienean iritsi da, kornerreko erremate batetik, berdinketa hautsi duen gola. Kolpe gogorra oñatiarrentzat. Huts eta batekoarekin berdinketa lortzeko aukera izan du Gexan Anduagak, baina atezainari iskin egin eta gero azkoitiarren defentsak lortu du baloia urruntzea. Luzapenean sartu du Anaitasunak behin betiko huts eta bikoa, eta hiru puntuak Azkoitiara eramatea lortu dute.
Lanean jarraitu beharra
Haserre amaitu dute partidua Aloñakoek, beti ere, hiru puntuak lortu ezin direnean, berdinketa izaten delako emaitz onena. Hala ere, Andoni Altubek adierazi du taldea astean zehar "oso lan ona" egiten ari dela, eta hori dela "emaitza onak iristeko bidea".